Azkoitiko EH Bilduk udal jardunaren inguruko balorazioa aurkeztu du 2023-2027 agintaldiaren lehen bi urteak bete direnean. Koalizioak salatu du gobernu taldeak hartutako konpromiso ugari bete gabe dituela eta udalaren kudeaketa impasse egoeran dagoela.
Hauteskundeen ondorengo testuingurua
EH Bilduren arabera, 2023ko udal hauteskundeetan herritarrek aldaketa bozkatu zuten, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa galdu baitzuten. Gobernu aldaketarako aukerak irekita zeuden arren, azkenik ez zen gauzatu, eta EAJren gobernuarekin oposizioan geratu zen EH Bildu. Hasieratik adierazi genuen EH Bildu ez zela gobernuaren oztopo izango eta elkarlanerako prest zegoela.
Akordioak bai, betetzea falta ere bai
EH Bilduk gogorarazi nahi du aurrekontuei egindako ekarpen partzial ugari onartu zirela 2023an eta 2024an, baina 2025eko irailean oraindik ez direla gauzatu. 2025eko aurrekontuetan EAJrekin adostutako proposamenak ere gehienbat bete gabe daude. Aurrekontuak aurrera ateratzea zen gobernuaren helburua, baina behin akordioa sinatuta, konpromisoak bete gabe utzi ditu; bere egitasmoak berresteko besterik ez gaituzte nahi.
Udalaren osaketa eta oposizioaren ahalmena gauzak erabakitzeko
Alkateak eskumen betearazle gehienak ditu, eta gainera, eredu presidentzialista bati jarraitzen dio. Hori horrela, besteak beste, berak erabakitzen ditu gai ordenan landuko diren gaiak eta horien premiatasuna nahiz lehentasuna. Zenbait kasutan, horren ondorioz, oposizioko alderdiak mugatuta gaude ebazpenak eta erabaki bateratuak aurrera ateratzeko.
Proiektu nagusiak geldirik
Azkoitiko EH Bilduk hainbat konpromiso zehatz ditu:
- Santa Klara eta Ugarteigaran arteko bidea zein espaloia: ez da inolako lanik egin, nahiz eta herritarren segurtasunerako ezinbestekoa izan.
- Auzoetako parke estali berriak: herrian parke estali bakarra dago, eta ez da nahikoa. Auzoetan halako gehiago egiteko konpromisoa hartu bazen ere, ez da urratsik egin.
- Trantsizio energetikoa udal eraikinetan: liburutegiaren isolamendua nahiz teilatua berritzeko eta Elkargunearen gastu energetikoa murrizteko inbertsioak ez dira gauzatu.
- Informazio panel berriak: oraindik jarri gabe daude.
- Berdura plazaren biziberritzea: Alde Zaharra dinamizatzeko aurrekontuetan 200.000 euro aurreikusi ziren, baina ez da lanik egin.
- Ipintzako komuna: 2024ko aurrekontuetan jasota zegoen, baina oraindik ez da martxan jarri.
Udaltzaingoaren eredua eta herritarren segurtasuna
EH Bilduk salatu nahi du otsaileko osoko bilkuran Udaltzaingoaren eredua aztertzeko aukera ukatu zitzaiola. Arkautitik ekarritako eredua nahiz eskualde mailako Udaltzaingo herritar, hurbil eta euskaldun bat eztabaidatzeko aukerari uko egin zitzaion. Udako gertakariek, gainera, agerian utzi dute berriro polizia eredua berriz aztertzeko beharra.
Proiektu bat atzerapenarekin eta beste bat martxan
Floreagako igogailuaren laugarren fasea 2025ean amaituko da, baina hamar urteko atzerapenarekin; hain justu, atzerapen horregatik kostua bikoiztu da. Bestalde, lorpen garrantzitsua izan da hileta zibilen ordenantza onartzea eta zerbitzua martxan jartzea, herritarren aniztasunari erantzun egokia ematen baitzaio hala.
Gobernantza eredua, zalantzan
2024ko uztailean Azkoitiko Udalak ELOGE gobernantza zigilua lortu zuen. EH Bilduren ustez, ordea, denbora errekorrean lortu zen ziurtagiri horrek ez du udalaren kudeaketa hobetzea ekarri; aitzitik, informazio eskubidean eta gardentasunean atzerapausoak eman dira.
Azkoitia Lantzen eta mozioen blokeo sistematikoa
EH Bilduk bi gai nagusi azpimarratu nahi ditu:
- Azkoitia Lantzen: 2008an egindako erabakiek eta zorrek gaur arte baldintzatu dute udalaren bilakaera. Aldundiak hartu dituen erabakien ondoren, Azkoitia Lantzen udal aurrekontuetan integratu beharko da, eta horrek eragin zuzena izango du.
- Mozioak: Azkoitia Bai herri plataformak mozioetan sistematikoki ezezkoa bozkatu duela salatu nahi du EH Bilduk, gaia edozein izanda ere: Martxoak 8, LGTBI+, Palestina, Sahara, pentsio duinak edo herria tentsio handiko eremu izendatzea. Jarrera horrek mozioen balioa debaluatzen du, eta aurrekari arriskutsuak sortzen ditu.
Mezu zuzena udal gobernuari
Balorazioa amaitzeko, EH Bilduk gogorarazi nahi du udal gobernuak ez duela gehiengorik, eta kudeaketa eredua ez dela parte-hartzailea. Ez gatoz bat egiten ari den kudeaketa politikoarekin. Aurrera begira, gure konpromisoak udal gobernuaren jardunaren araberakoak izango dira. Begirunea jasotzeko, begirunea eskaini behar da, konpromiso politikoa sozialki erakutsi eta bultzatu behar da, baina baita instituzionalki ere. Horretarako, ditugun baliabide guztiak aprobetxatu behar ditugu.