EH Bilduren abstentzioari esker, 2025eko aurrekontuak onartuko dira

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2024ko abe. 5a, 16:49

Azken asteetan EAJ eta Azkoitia Bai alderdiekin izandako harreman eta negoziaketen ondorioz, EH Bilduk aurkeztu zituen hainbat proposamen onartuak izan dira, eta zenbait hobekuntza jaso dira aurrekontu proposamenean.

Azkoitiko EH Bilduk gutxieneko akordio bat lortu du EAJrekin 2025eko aurrekontuak onartuak izan daitezen. EH Bilduk aurkeztutako hainbat proiektu eta aldaketa proposamen onartuak izan dira, eta ondorioz, abstentziora joko dugu hurrengo plenoan, modu horretara, aurrekontuak onartzea ahalbidetuz.

Argi azaldu nahi dugu aurrekontu hauek ez direla Azkoitirako guk proposatuko genituzkeenak, baina aurten ere, aurrekontuak azkoitiar guztiontzat ahalik eta hoberenak izateko ahalegin guztiak egin ditugu, eta eragiteko dugun gaitasunak emaitza batzuk eman ditu. Gobernantzen ari ez garen arren, EH Bildun posizio politiko eraginkorra dugu eta gure ahalegina egingo dugu azkoitiarren eguneroko bizitza hobetzeko eta herri eredu berri bat aurrera eramateko.

Nabarmendu nahi dugu errebaletik kanpoko igerilekuetara doan espaloia zabaltzeko jaso dugun konpromisoa. Datorren urtean horren azterketa eta proiektua egitea adostu dugu, eta hurrengo urteari begira, bide horren erreforma egitea espero dugu. Horrekin batera, herrian bigarren parke estali bat egitea ere onartu digute, lekua zehazteke. Guk Altzibar auzoa proposatu arren, herritarren beharrak aztertu beharko dira eta horien arabera kokatu.

Aurrekontuetan jaso diren konpromiso zehatzak hauek dira:

  • Errebaletik Ugarte-Igaran igerilekuetara doan espaloia egokitzea. 2025ean lan horien azterketa egitea adostu dugu eta hurrengo urtean lanak burutzeko konpromisoa.
  • Herrian bigarren parke estali bat egitea. Lekua oraindik adosteko badago ere, Altzibar auzoa egokia izan daitekeela uste dugu. Hala ere, herritarrei entzun eta horien beharren arabera kokatzearen alde egingo dugu. Horrekin lotuta, herriko beste hainbat ondasun eta altzari berritu edo aldatzeko diru partida bat ere adostu dugu, herritarren aldetik jaso ditugun kexei erantzuteko.  
  • Merkatu plaza barrutik atontzeko diru partida bat zehaztu da, jarduera komertziala modernizatu eta askotariko erabilera emateko asmoarekin.
  • Alderdi guztiok onartutako energia trantsizioaren planari jarraituz, udal eraikinetan energia aurrezpena bideratzeko beste diru partida bat jarriko da (eguzki plakak, energia galera eragiten duten leiho eta ate zaharren aldaketa…).
  • Azkoitiko LGTBIQ+ errealitatearen diagnostikoa egin eta ekintza plana martxan ipintzea, eta gazteen gizarteratze eta prebentzio konpainiarentzako diru partidak handitzea (ludotekarako diru partida handitzea…).
  • Etxebizitza politikari dagokionez, Azkoitia tentsio handiko eremu izendatzeko azterketa egitea.
  • Herriko elkarte eta eragileek erabiltzen dituzten informazio panelak handitzea eta berritzea.
  • Urola bailaran indarrean dagoen nekazaritza ekologikoari lotutako Amillubi proiektua diruz laguntzea eta herrian bertan landa lurrak erostea, korridore ekologikorako ibilbidearen publikotasuna bermatuz eta pasabidea ziurtatuz.
  • Gazteen buru osasunaren zaintza lantzeko proposamena egin genuen iaz, eta aurten urrats berriak eman ditugu.

Besteak beste, horiek dira onartu dizkiguten proposamenak. Guk bultzatu nahi dugun herri eredurako neurri horiek ez dira nahikoak, baina lehen esan bezala, herrian ditugun behar batzuei erantzuten dizkiela iruditzen zaigu. Eta hori da Azkoitiko EH Bilduren helburu nagusia, herritarren bizitzak hobetzea eta herriak aurrera egitea.

Amaitu aurretik, gogorarazi nahi dugu aurreko urteko aurrekontuetan hartutako konpromiso asko oraindik egin gabe daudela. Ez gara horiekin ahaztu eta aurrekontu berrien negoziazioan mahai gainean egon dira. Udal Gobernuak konpromiso horiek ere betetzeko borondatea azaldu du.

Oposizioko lehen indarra gara eta gure zeregina da konpromisoak bete egingo direla ziurtatzea. Adi egongo gara horrela izan dadin.

EH Bildu Azkoitiko politikagintzan eragiteko posizio eraginkorrean dago, eta konpromiso sendoa dugu gure herriak aurrera egin dezan. Berriro diogu, hauek ez dira guk nahiko genituzkeen aurrekontuak, baina prest gaude beste alderdi eta eragileekin lanean jarraitzeko, bazterkeriarik gabe beste herri eredu bat eraikitzeko lanean. Horrenbestez, 2025eko aurrekontuak aurrera ateratzea bermatuko dugu abstentzioaren bidez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide