Nor nahasi nahi duzue adierazpen horiekin?

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2024ko api. 16a, 16:00

Artxiboko irudian boto paperak.

EH Bilduk idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Berriro ere, Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan murgilduta gaude. Denek uste dute hauteskunde hauetako emaitzek zeresan handia emango dutela eta, ez zaie arrazoirik falta, gauzak ez baitira berdinak izango apirilaren 21etik aurrera. Giroa berotuta dator kanpainaurretik, EAJko burukideek EH Bildu etsai gisa aurkeztea erabaki baitute eta, ez aurkari gisa, errotak dauden lekuan erraldoiak ikustera iritsi direlarik.

EAJk Azkoitian eman zion hasiera kanpainari eta, bertara gerturatu zirenek, Imanol Pradales lehendakarigaia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentegaia eta Joseba Egibar Gipuzkoako Buru Batzarreko presidentearen mezu politikoa entzuteko aukera izan zuten. Bertan, programa politikoa ezagutzera ematea baino arreta handiagoa jarri zuten aurkaria deskalifikatzeko saiakeran, kasu honetan, EH Bildu. Pradales lehendakarigaiak, 2011n Gipuzkoako Aldundian EH Bilduk izandako agintea ekarri zuen gogora, bere esanetan, "inprobisazioa eta inposizioa" izan zirelarik, laburbilduta, EH Bilduk erabilitako politiken ezaugarriak. Harrigarria da jeltzaleek, 2011 eta 2015 artean EH Bilduk Gipuzkoan gobernatu zuen legealdia behin eta berriz aipatzea. Badirudi, ez zutela hain gaizki egingo, EAJ-PSE-EE itunaren bi legegintzaldi gainbeheran egon ondoren, iaz EH Bildu izan baitzen berriro ere lehen indarra lurralde honetan, %36ko babesarekin, EAJk baino 15.000 boto eta bost eserleku gehiagorekin, 2011n baino boto gehiago lortuz. Maddalen Iriarte diputatu nagusi ez izateko, EAJk gutxiengoan gobernatzen du gaur egun PSE-EErekin eta PPri esker. Bestalde, EH Bildu, Gipuzkoako 51 udalerritan dago gobernuan, herritarrekin gertuko politika egin eta horien beharrei erantzunez, hori delarik, ezker independentista herrialde honetan lehen indar izateko funtsezko arrazoietako bat.

Azkoitiko ekitaldi horretan, Bakartxo Tejeria ez zen hankamotz ibili eta honela zioen: "Katastrofismoaren aurrean egia, populismoaren aurrean demokrazia, demagogiaren aurrean lortutako emaitzak". Joseba Egibar oraindik eta urrunago joan zen eta "etxekalte" izatea leporatu zion ezker independentismoari, bide batez, hauen anbizioaz ohartaraziz: "Boterea lortu nahi dute gizartea kontrolatzeko. Orduan ezagutuko ditugu beraien benetako proiektuak". Adierazpen honek, Andoni Ortuzarrek Aberri Egunean egindako hitzaldia gogorarazten digu, bertan EH Bilduren agenda ezkutu baten inguruan mintzatu baitzen. Katastrofismoa, demagogia, gizartea kontrolatzea, agenda ezkutua… zer mamu atera behar dute hurrengoan? Nor nahasi nahi dute adierazpen horiekin? Trikimailu eta amarruekin batera, gezur interesatuak atera dituzte jendaurrera. Tristea eta lotsagarria da benetan, besteen argudioei aurre egin eta norbere burua indartu ordez, betikoak zapuzten ibili beharra. Dirudienez, batzuek oraindik zilegitzat jotzen dute, politikan guztia egin eta onar daitekeela botorik ez galtzearen truke eta, politikan ere, gauza guztien gainetik, duintasuna mantentzen jakin behar da.

Bada denbora, EH Bildu agintean jarriz gero etor daitekeen apokalipsia iragartzen ari direla, jendea tenteltzat hartu eta herritarrek oroimenik ez balute bezala. Ez gaude egoera katastrofiko batean, baina nabarmena da zerbitzu publikoetan eta beste arlo batzuetan jasaten ari garen gainbehera. Gobernu honek, behingoz, goresmen hitzak eta laudorioak alde batera utzita, autokritika praktikan jarri beharko luke, umiltasun eta apaltasun pixka batekin, eta ez kanpora jaurti bere erruak, beraien burua zuritu eta kritikaria larrutuz.

Bistan da zein erabaki politikok behartu duten zerbitzu publikoen hondamena, eta Osakidetza da gainbehera horren ikur nagusia. Agintariek ezin diote muzin egin herritarren osasunari, etxebizitza izateko eskubideari, adinekoen zaintzari, emakumeen eskubideei, hezkuntzari, euskarari… eta, zerrenda, zoritxarrez, luzea da.

Arazoei aurrez aurre begiratu behar zaie, izendatu egin behar dira, eta gaur egungo Gobernuak arazo handia du gai honekin, jende batek bizi duen errealitatea ukatu eta beste alderdien alternatibak gutxiesten baititu. Horregatik, EH Bilduk, 420 konpromiso zehatzeko programa aurkeztu du, herritarren kezketatik hurbilen dagoen politika egiteko. EH Bilduk, politika dionean, herrigintza dio, bere burua eraikitzen duen herria, herritarrak aktore diren herria. Garai interesgarriak dira eta ideia berri, aitzindari eta berritzaileak sortzea dagokigu berriro ere, gauzak egiteko modu hobeak bilatuz eta horretarako ilusioa mantenduz. Hau guztia zor diegu, ezker independentismoaren proiektuan sinetsi eta modu batera edo bestera, leialtasunez, zintzotasunez, sakrifizioz, konpromisoz eta eskuzabaltasunez horren alde lan egin duten eta egiten ari diren guztiei. Pauso bat haratago doazen ideiek asebetetzen gaituzte, eta horiek gauzatzeko, talde eragile aktibo, sendo eta kohesionatua behar da, printzipioetan tinko eta jarreratan malgu lan egingo duena. Eta horretan gabiltza, eragile sozialek, ekonomikoek eta herritarrek orokorrean parte hartzeko espazioak irekitzen, herritarren kezketatik hurbilen dauden politikak egiten jarraitzeko.

Aldaketatxoz aldaketatxo etorriko da eraldaketa, eta bide onean goaz. Zu ere batu zaitezke proiektu honetara.

Aldaketa da orain!

Apirilak 21, guztion artean beste urrats handi bat egingo dugu. Zure indarrarekin.

Bozkatu Euskal Herria Bildu!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide