Herrian nahi dugu skateparka

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2024ko ots. 24a, 11:51

(Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)

EH Bilduk uste du Txerloian skateparka eraikitzeko aukera baztertu egin beharko litzatekeela, eta Zazpi Frontoietan eraikitzeko aukera babestu du. Horretarako, hainbat arrazoi eman ditu alderdiak.

Herrian nahi dugu skateparka. Haur, nerabe eta gazteak herrian ikusi nahi ditugu, skate, patin edota horrelako baliabideekin, herriko kaleak jolasez eta irriz betetzen eta ez ondoko herrira joaten.

Duela urte askotatik dagoen eskaera da herrian skateparka izatea, eta hori lortzeko lanean ari gara EH Bildukook.

Herrian non ordea? Hori izan da zalantza eta duda herritarron ahotan. Galdera horren aurrean, EH Bilduk erabiltzaileekin eta erabiltzaileak izango direnekin hainbat bilera egin ditu, baita Marea Urdineko kideekin ere. Eta bilera horien ostean, zalantza izpirik gabe geratu zaigun datu garrantzitsuena hauxe da: skateparkak bertaratu nahi duen edonork bakarrik joan ahal izateko lekuan kokatuta egon behar duela.

Egun, beste herrietara joaten diren skateroek, txikienen gurasoak eta Marea Urdineko kideek skateparka Txerloia auzoan kokatzeari ezezko borobila eman zioten, guztiek berretsi baitziguten ez dela bakarrik iristeko lekua.

Irisgarritasuna Bilduk babesten duen herri ereduaren oinarria dela jakinik, eta arrazoi horrexegatik bakarrik izango balitz ere, guk ere halaxe esaten dugu: Txerloia auzoa ez da skateparkarentzat kokaleku egokia.

Hain arrazoi esanguratsu horri, beste hainbat arrazoi gehitu zizkioten. Erabiltzaileek ziotenez, Txerloian kokatu nahi den lekua ibaitik gertu dago eta toki hezea da; eta noski, patin, skate eta abarrentzat arazo handiak sortzen ditu hezetasunak, baita parkeko higiezinetan ere.

Bestalde, Txerloia berdegune ederra denez, zuhaitzez inguratuta dago eta erabiltzaileek azpimarratu ziguten skateparkak zuhaitzen inguruan badaude, hosto, adar eta belarrez zikintzen direla, ekintza oztopatuz eta arriskuak sortuz.

Guzti hori kontutan hartuta, kokalekuari dagokionez, bileretan bildu zirenek aho batez eta pisusko arrazoiekin eman zioten ezezkoa Txerloia auzoan kokatzeari, eta skateparka Zazpi Frontoietan eraikitzeko aukera babestu zuten. Hori dela eta, EH Bilduk ere leku hori hobesten du.

Gainera, EH Bilduk argi du denen esku ez dagoela ondoko herrira joatea. Izan ere, nerabeak zein gazteak ondoko herrira joango dira gurasori gabe, baina, txikiagoak zer? Txikienak gurasoekin joan behar dute, ondoko herria gehiago betez eta geurea hutsago geratuz. Azpimarratu nahi dugu ondoko herrira joate horrek herria husteaz gain, beste hainbat galera ere ekar ditzakeela zeharka. Besteak beste, garraiobideen erabilera eta kutsadura handitzea, geure herriko kontsumoa gutxitzea…

Eta nolakoa? Horrek ere, mila buruhauste ekarriko dituela jakinda, skatepark desberdinetan erabiltzaile direnekin, erabiltzaile izango direnekin eta Marea Urdinekoekin (horiek  Bizkaiko Kirol Egokitua federazioaren aholkuak entzunda eta ikusita) hainbat datu bildu ditugu. Herritarrokin elkarlanean egin beharreko proiektua da hau ere, baina, profesionalek gauzatu beharrekoa; horretarako, EH Bilduk proiektua gauzatuko duen enpresaren kontratazioa egiteko eskaera egiten du. Eta noski, datu edota iritzi horiek kontutan hartuko dituen enpresa izatea zilegi ikusten dugu.

Skateparka herrian nahi dugu; haur, nerabe eta gazteen aisialdia herrian izatea nahi dugu. Beraz, ekin skateparkaren proiektuari!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide