San Jose egoitzaren inguruan udalak eta aldundiak sinatutako protokoloaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2022ko uzt. 29a, 12:45

Azkoitiko San Jose egoitza.

Azkoitiko EH Bilduk honako idatzi hau kaleratu du, San Jose egoitzaren inguruan azken egunetan izan diren albisteei buruzko balorazioa egiteko. Koalizioak nabarmendu nahi du Udal Gobernuak eta aldundiak adostutakoa protokolo soil bat dela, eta aurrera egin ahal izateko hitzarmen zehatzago bat edo batzuk beharko direla.

Joan den astean jakin genuen prentsaren bitartez Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu zutela, egun batzuk ondoren protokoloa izango zena. Bi aldeek sinatutakoa eskatu genuen, eta legezko epeak errespetatu gabe, berandu, aste honetan, eman zigun Udal Gobernuak haren kopia.

Protokolo horretan albistean agertzen ziren inbertsio kantitateak agertzen ez zirenez, horien gaineko informazioa eskatu genuen asteazkeneko udalbatzarrean. Erantzuna atzo jaso genuen aurkezpen sinple baten bidez. Oraindik ez daukagu esku artean aldundiak kaleratu dituen zenbakien gaineko txostenik edo antzekorik. Beraz, ezin dugu egin balorazio sakonik. Gainera, protokolo soil bat da, asmo onez beteriko testu bat, baina hitzarmen zehatzago bat edo batzuk beharko ditu aurrera egin ahal izateko.

EH Bilduk aurrepauso positibotzat ikusten du San Jose egoitzaren gaiaren inguruan Udal Gobernuak izan duen jarrera aldaketa. Hori guztia, ordea, ezin dugu ulertu herriko sektore zabal baten eta eragile desberdinen presiorik gabe. 2015. urtean, esku artean zuten eguneko zentroa herrira jaisteko proiektua gauzatzeko aukera, eta atzera bota zuten, beraien lehentasunak zein ziren erakutsita. Zazpi urteren ondoren, badirudi lortu dugula azkoitiarrok Udal Gobernuaren ikuspegia aldatzea.

Udalbatzarrean aipatu genuen bezala, EH Bilduk atsekabez hartu zuen albistean egoitzetako langileen inguruan ezer ez irakurtzea. Ondo dago baliabide teknikoan eta porlanean inbertsioak egitea, beharrezkoak dira; langileen egoera ere, ordea, ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzu duin bat emateko. Horretarako, lanean jarraituko dugu Azkoitia nahiz Gipuzkoa mailan, Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintza sistema duin bat izan dezan maila guztietan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide