Martxoko udalbatzarrean, EH Bilduko ordezkariok baiezko botoa eman genien San Jose egoitzaren inguruko bi puntu horiei; baiezkoa eman genien erabat teknikoak ziren bi puntu zirelako. Azken hilabeteetan hainbatetan landu ditugu San Jose egoitza Kabiaren esku uzteko hitzarmena betetzeko beharrezko pausoak. Hitzarmen hori 2015ean sinatu zuen Azkoitiko Udalak, alderdi guztien onespenarekin, aho batez onartuta.
Hori horrela egin behar zegoen, hain justu 12/2008 legeak, gizarte zerbitzuei buruzkoak, aldundien esku uzten duelako adineko pertsonentzako egoitza zerbitzua.
Hori guztia horrela izanda, baiezkoa ematea besterik ez genuen. Horrek ez baitu aldatuko egoitzan bizitzen ari diren egoera tamalgarria. Egungo legediak ez du uzten egoitzaren kudeaketa berriro herrira itzultzen. Hori horrela saldu nahi duen alderdia, Azkoitia Bai, bertako egoiliar, langile eta senideen itxaropenekin eta ilusioekin jolasean ari da modu tamalgarri batean, informazioa desitxuratuz.
EAJ eta PSE-EE ematen ari diren kudeaketa eskasaren ondorioz, borrokan jarraitu behar dugu, eta EH Bilduren konpromisoa irmoa da: Azkoitiko zein beste herrietako egoitzetan bizi direnen egoera hobetzeko eta duintzeko lanean jarraituko dugu egunero.