Hilabeteak daramatzagu Azkaraten jarri nahi zen Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen (EEH) kudeaketa instalazioaren eta Arau Subsidiarioen 4. Aldaketan Lurzoru Ez Urbanizagarria eremuaren inguruan lanean. Denbora horretan garbi azaldu dugu gure iritzia: jarduera industriala lur industrialean jarri behar dela, alegia.
Uztailearen 2an, Elkargunean egindako bileraren ondorioz moldatutako dokumentu berri bat aurkeztu zigun Udal Gobernuak. Guk, gure aldetik, hiru proposamen egin genizkion uztailaren 16an.
1) Udal Gobernuaren dokumentuak honela dio: "Lurzoru ez urbanizagarrian EEH tratatzeko instalazioak ahalbidetzearen desegokitasuna, Gipuzkoan horrelako nahikoa instalazio dagoelako ". Hala ere, ez gomendagarri bezala bakarrik kalifikatzen ditu lau eremu hauetan: basoan, baso barbanan, balio estrategiko altuko lurretan eta trantsizioko landa paisaian. Hau da, ia Lurzoru Ez Urbanizagarri osoa.
Guk, orain arte defendatu dugunarekin koherente izateko, debekatua kalifikatzea proposatu dugu; izan ere, horrela bermatuko da Lurzoru Ez Urbanizagarrian EEH instalazioak ez direla jarriko.
2) Elikadura burujabetzaren bidean sakontzeko eta kontuan hartuta balio estrategiko altuko lur gutxi dagoela herrian, eremu horretan baso erabilera debekatua jartzea proposatu dugu, Lurralde Antolaketarako Gidalerroetan oinarrituta.
3) Udal Gobernuari behin baino gehiagotan eskatu diogu Azkoitiko Arau Subsidiarioen errebisioa eta eguneraketa orokorra egiteko, ezinbestekoa ikusten dugulako. Izan ere, gaur egun 2007ko Arau Subsidiarioak dauzkagu, eta zaharkituak daude; Lurzoru Ez Urbanizagarrian egin behar izan den aldaketa sakona ikustea besterik ez dago. Horrez gain, Lur Industriala agortuta dago, eta hori nahikoa da Arau Subsidiarioen berrikuspena egin behar izateko.
Gainera, orain egiten ari diren moldaketa puntualak pixkanaka egiteak herritarren parte hartzea saihesten du. Berrikuspen orokorra eginez gero, ordea, legeak esaten duenari jarraituz, ezinbestekoa da prozesuan zehar herritarren parte hartzea bermatzea. Guk garbi daukagu guztion herria guztion artean egin behar dugula.
Gure proposamenak eta Azkoitia Baik aurkeztutakoak talde erredaktoreak ditu uztailaren 16tik, eta horiek aztertzen dabiltza. Uda ondoren arte ez da erabakirik hartuko.