Azkarateko hondakin gunea

Azkarateko plantaren inguruko bilera zabalaren EH Bilduren balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2020ko mai. 29a, 16:24

Azkoitiko EH Bilduk atzoko bileraren ondoren taldeak egin duen balorazioa bidali dio Maxixatzeni.

Atzo Elkargunean izan genuen Azkarateko proiektuaz eta, orokorrean, eraikinen eta eraispen hondakinen gaiaz hitz egiteko bileraren ondoren, gure balorazioa kaleratu nahi diegu herritar guztiei.

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratu ziren guztiei. Guztien ikuspuntuak eta bakoitzak jasotako datuak plazaratu ziren bertan, eta garbi geratu ziren Azkarateko plantaren proiektuak berarekin dakartzan arriskuak.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzakoak esan zutenez, 60 planta daude eraikinen eta eraispen hondakinenak Euskal Autonomi Erkidegoan, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak martxoaren 4an argitaratu zuen aginduan dioenez, gaur egun tratamendu-instalazio finkoetan nahikoa gaitasun dago EAEn sortzen diren eraikinen eta eraispen hondakin guztiak balioztatzeko. Beraz, ez dago Azkoitian horrelako planta baten beharrik, ez Azkaraten eta ez Ipintzan. Egin behar dena da 60 planta horiek identifikatu eta ahalik eta era eraginkorrenean funtzionatzea ahalbidetu, beharrezko kontrolak ezarriz.

Amaitzeko esan, guk argi azaldu genuela atzo ere gure jarrera gai horrekiko. Gure proposamena eraikinen eta eraispen hondakin plantak 4. Arau Subsidiarioen aldaketatik ateratzea eta Azkoitiko Hiri antolaketako Plan Orokorra egitea dela. Azkoitiko Arau Subsidiarioak zaharkituta daude, eta legearen arabera berrikuste bat behar dute, lur industrialaren %80a agortuta baitago. Berrikuste hori, gainera, herritarren parte hartzearekin egin behar dela dio legeak. Alkateak amaieran esandakoaz, berriz, “Desadostasuna dagoenez, nik ez dut Azkarateko gunea bultzatuko” hitzetatik ekintzetara pasatu arte guk lanean jarraituko dugu. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide