Lehenik eta behin, positibotzat hartzen dugu alkateak guztion arteko adostasunik gabe Azkarateko zabor planta ez dela eraikiko berrestea eta erabaki hori parte hartze prozesu baten bidez gauzatuko dela behin eta berriz azpimarratu izana. Zabor plantaren proiektua momentuz etetea ezer baina hobea den arren, argi eta garbi esan nahi dugu alkatearen hitzak kontuan izanez gero, eten ez, proiektua atzera botata egon beharko lukeela. Gure jarrera argi eta garbi azaldu dugu dagoeneko, bai udalean eta baita publikoki ere; ez dugu zabor planta hau babestuko.
Osteguneko bileran Udal Gobernuak eta udal teknikariek Arau Subsidiarioen 4. Aldaketaren inguruko balizko proposamena azaldu ziguten ahoz. Beraz, proposamena nondik doan dakigun arren, informazioa idatziz jaso zain gaude guztia ondo aztertu ahal izateko. Bitartean, gure proposamena prestatuko dugu parte hartze prozesua egiten denean bertan aurkezteko.
Amaitzeko, gaineratu nahi dugu guretzat garrantzia handikoa dela apirilaren 15ean udalari eskatu genion ikuskaritza aurrera eramatea. Alarma-egoeran gaudelako zailtasunak egon daitezkeela esan diguten arren, guretzat ezinbestekoa da lehenbailen egitea.