Atzo, martxoak 16, bildu zen azkenekoz Azkoitiko Jarraipen Mahaia COVID-19ren inguruko azken neurriak hartzeko. Hasieratik eskatu zen arren, ez EH Bilduk eta ez Azkoitia Baik, ez du ordezkaririk mahai horretan. EH Bilduko bozeramaileak bozeramaile batzordean Larrialdi mahaian parte hartzeko eskaera egin zuen eta jaso zuen erantzuna ezezkoa izan zen.
Pasa den astean, ostiralean, egin zen lehenengo bozeramaile batzordea eta azkena, eta komunikabideen bidez izan dugu atzoko neurrien berri. Hori dela eta, Jarraipen Mahaian parte hartzea eskatu nahi dugu berriro ere. Egoera larri honi aurre egiteko ezinbestekoa da guztion parte hartzea; horregatik, beharrezkoa ikusten dugu herritarren ordezkari guztiok izatea ordezkaritza Jarraipen Mahaian. Hasieratik esan genuen moduan, EH Bilduk eskua luzatzen dio udal gobernuari ezohiko egoera honetan herritarren mesederako elkarlanean aritzeko.
EH Bilduk herritarrei erakundeetatik ezarritako neurriak errespetatzeko eskatzen die eta ongi aurkitzen diren eta ahal duten gazteei boluntario sarean parte hartzeko deia egiten die.
Guztion artean zaindu dezagun herria!