Arrazoiak badaude eta horregatik, urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Kartak deitutako grebarekin bat egingo dugu EH Bilduko kideok.
Prekarietatearen aurrean, bizi-baldintza duinak aldarrikatzen ditugu. Urtarrilaren 30ean kalera aterako gara erabaki politikoen erdigunean bizitza jartzeko eta horiek ez egoteko elite ekonomikoen interesen menpe. Kalean izango gara herri duin batean, bizitza duin bat aldarrikatzeko.
Azken urteetan hartu diren erabaki politiko zein instituzionalek herritarren bizi baldintzei eragiten diete zuzenean. Prekarietatea da milaka herritarren bizia baldintzatzen duen elementu nagusia. Eta hori gertatzen da elite ekonomikoen interesak herritarren interesei gailentzen zaizkielako. Ereduak asko dira; adibidez, lan erreforma edo pentsioak ez gaurkotzea. Baina horiek izebergaren punta baino ez dira. Gaur egungo sistemak gehien daukaten pertsonak saritzen ditu gutxien daukatenen kontura. Langileen bizitza gero eta prekarioagoa da eta horrek haien baldintza ekonomikoei, lan baldintzei, pertsonen zaintzari eta osasunari eragiten die.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera pobrezia %46 igo da Euskal Autonomia Erkidegoan azkeneko urteetan eta 200.000 pertsona pobrezia arriskuan daude; pentsiodunen erosteko ahalmenak %6 egin du behera, eta sinatzen diren kontratuen %92 behin-behinekoak dira, besteak beste. Urola Kostan, berriz, %7,27ko langabezia tasa zegoen 2019ko azken hiruhilekoan.
Ondorioz, agerikoa da badaudela arrazoiak Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak deitutako greba orokorrean parte hartzeko eta Urola Kostako EH Bilduko kideok ere bertan izango gara. Eta eskualdeko herritarrei ere dei egiten diegu greba deialdiaren bat egin, eta herriz herri zein eskualde mailan antolatu diren mobilizazioetan parte har dezaten. Unea heldu da prekarietatean oinarritutako sistemari aurre egin eta, bizi-baldintzak erdigunean jarriz, haien herritarrak zaintzen eta babesten dituen herri baten alde egiteko.