Jendartearen erdia gara. Baina ez gara entzuten diren ahotsen erdia. Horretarako gaude hemen, jendartearen erdia den emakumeon kolektiboari ahotsa jartzeko. Ahotsa kentzeaz gaiz, hil egiten gaituzte, erasotu, lan prekarioak burutzera bultzatu, zaintza lanak egitera behartu... Azken finean, bigarren mailako pertsonak izatera kondenatu. Ondorioz, gogora ekarri nahi genituzke aurten Euskal Herrian emakume izateagatik hil dituztenak, lan baldintza duinak lortzeko borrokan ari diren emakumeak, ia esklabotza baldintzetan lan egiten duten emakumeak, kalean lasai ibili ezin duten emakumeak, dena atzean utzi eta etorkizun hobeago baten bila migratzera behartuak izan diren emakumeak, beren sexualitatea libreki bizitzeko aukerarik ez duten emakumeak, gune maskulinizatuetan egunero borrokan dabiltzan emakumeak... Guztiok kate berak lotzen gaitu, sistema patriarkal batean jaio garen emakumeak izateak.
Gure momentua iritsi da. Kate hori hausteko gaude hemen, jendartea eraldatzeko garaia iritsi delako. Hori lortzeko beharrezkoa da gure ahotsa instituzioetara eramatea eta benetako politika feministak gauzatzea. Azken lau urte hauetan EAJren Udal Gobernuak bizkarra eman digu eta egoera horri buelta ematea gure eskuetan dago. Maiatzaren 26an bozka morez bete behar ditugu hautetsontziak, feministon ahotsa eraman ahal izateko Azkoitiko, Gipuzkoako eta Europako instituzioetara. Subjektu aktiboak garelako, orain eta hemen etorkizun hobeago bat amesten dugulako, kolorez jositako herrian bizi nahi dugulako. Hori guztia lortzeko aukera bakarra EH Bildu da, guztion arteko berdintasunaren bidean politika eraldatzaile eta feministak aurrera eramateko bermea delako. Euskal Herri feminista, anitz eta koloretsua lortzeko, emakumeok EH Bildu!