EAJ datuak 'manipulatzen eta gezurra esaten' ari dela salatu du Azkoitiko EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2015ko urr. 2a, 18:33

Hondakin organikoen bilketa Azkoitian

Prentsa ohar honen bidez Azkoitiko EHBildutik, EAJko Udal Gobernu berriak azkoitiarrei gezurrak eta erdizkako egiak esateko hartu duen ohituraren aurrean, Udalean hartzen diren erabakien inguruan informazio OSOA eman nahi dugu.

 

Irailaren 30ean egindako osoko bilkuran hartutako erabakiak:

- Idiakez Ederreko andamioak erostea 50.000 eurotan. EH Bilduk azken legegintzaldian arazo honi irtenbidea eman nahi izan zion. Hala ere epai bat iritsi arte ezinezkoa zen EZER egitea. Epaia maiatzaren 25ean iritsi zen. Andamioak erosi beharrean eraikinari irtenbide egoki bat emateko urratsak emateak lehentasun gehiago duela iruditzen zaigu. Gai honen inguruan emandako pauso eta txostenen informazioa falta zaigunez abstenitu egin ginen. Brigaden lokaleko sukaldea egiteko kreditu aldaketaren inguruan ere gardentasun falta ikusten dugunez abstenitzea erabaki genuen.

- Nekane Larrañagaren ordainsariaren inguruan ezezkoa bozkatu genuen gehiegizko kopurua delako 30.189,16 euro jardun erdirako. Jendeak bizi dituen egoera latzak ikusita gogorra egiten zaigu EAJko zinegotziek kobratzen dituzten ordainsariak onartzea.

- Urrategi Alberdi eta Jexux Oteizaren dimisioen aurrean eskerrak eman genizkien taldearen izenean eta baita bozkatutako ia 2000 azkoitiarren izenean ere.

- Hondakinen inguruan kezkagarriagoa iruditzen zaigu EAJren jarrera. Bere apustua betidanik hondakinen errausketa izan dela garbi dago eta horretarako bidea prestatzen ari direla ikusten dugu.

Datuak manipulatzen eta gezurra esaten hasi dira. Duela aste t’erdi kaleratutako datuetan gezurra esan zuten. Sailkatutako bilketa tasak asko egin du behera ekainetik aurrera, eta ez martxotik aurrera. Maiatza arte (EHBilduren ardurapean) egindako bilketetan hondakinen bilketan sailkapen tasa handiak lortu ziren eta ekainetik aurrera (EAJren ardurapean) organikoaren errekuperazioa asko jaitsi dela ikusten dugu (uztailean eta abuztuan ia organiko guztia Lapatxeko zulora joan zen betiko. Oraindik beste hondakinen inguruan datu batzuk falta zaizkigu egoeraren benetako irudia edukitzeko).

Datuek duten larritasuna dela eta, jarraipen batzordea deitzeko eskatu genien, beharrezkoak diren neurriak guztion artean adosteko. Ezezko biribila jaso genuen. Beraiek erabakiko dute herritarrak kontuan hartu gabe. Esperientziak erakutsi digu gai honetan adostasuna behar dela eta horretarako ezinbestekoa da elkartzeko prestutasuna izatea. Guk guztion artean hausnartu eta adostasunetara iristeko prest gaudela adierazi nahi dugu. Hondakinak ez birziklatzeak hainbat arazo ekarriko dizkigu: batetik, kudeaketa garestitu egingo da eta azkoitiarrok gehiago ordaindu beharko dugu hondakinen bilketagatik; bestetik, baliabide asko betiko galduko dira. Egoera honetan ingurumenak galtzen irtengo du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide