Gure helburua proiektu ezkertiar eta abertzalea lantzea da. Hauteskundeen aurretik, gertatzen zena gertatu, gure proiektua lantzen jarraituko genuela agindu genuen, eta esan bezala, eta oposizioan egotea tokatu izangatik ere halaxe egingo dugu. Azkoitia ezkerretik eraikitzen jarraitzea izango da gure lana.
Lau urte gogorrak izan dira, Udalean topatu genuen egoera ekonomiko larriak eta gainera krisi garai batean egoera hori kudeatu beharrak lan handia eskatu digu. Gogor egin dugu lan. Azkoitiarron beharrak jarri ditugu gure kudeaketaren erdigunean, eta guztiokin egin nahi izan dugu bidea. Udalaren egorea zuzendu genuen eta inbertsipo berriak egiteko aukera zabaldu. Hala ere, gure egitasmo eta proiektuak azkoitiarrengana iristeko zailtasunak izan ditugu, eta hauteskundeetako emaitzekin adierazi diguzuena kontuan hartuko dugu.
Udala osatu da eta guk ere arduraz hartu ditugu karguak. Oposizio eraikitzailea egiteko konpromisoa hartzen dugu. Herritarrengandik gertuago egon nahi dugu. Elkarlan iraunkorra egin nahi dugu Azkoitiko eragile eta norbanakoekin, eta azkoitiarron beharra Udalera eramatea izango da gure zeregin nagusienetakoa. Herria eta Udalarekiko harremana ezinbestekoa da guztiontzako herria egin nahi badugu, eta horregatik beste hainbat konturekin batera, Denon Herrixe proiektua mantendu eta indartzeko eskatu nahi diogu Udal Gobernu berriari, herritarrek iritzi emateko guneak eskura izan ditzaten.
Horrekin batera, Udal Gonbernutik Bilduk jarritako udal kudeaketa ireki eta gardenaren alde egiteko oinarriak mantentzea eskatzen diegu, Udaleko informazioa guztia herritarron eskura egon dadin, eta Udaleko ateak beti azkoitiarroi irekiak egon daitezen.
EH Bildutik ere saiakera berezia egingo dugu bati herritarrengandik gertuago egoteko bai Udalaren beraren kudeaketa argia eta gertukoa izan dadin. Saiakera horretan, hiru hilean behin Udaleko informazio garrantzitsuenarekin eta EH Bilduk egindako proposamen nagusiekin aldizkari bat banatuko dugu Azkoitiko etxe guztietara. Eta noski, herritarren iritziak jasotzeko kanalak ere herritarren eskura izango ditugu beti.
Gurekin harremanetan jartzeko: E-posta: azkoita.ehbildu@gmail.com, Facebook: Azkoitiko EH Bildu eta Twitter: @ehb_azk