Durangoko (Bizkaia) Gar musika taldeak Gar izeneko aurreneko diskoa kaleratu du, eta proiektu horretarako bi azkoitiar izan dituzte bidelagun: Udane Juaristi margolaria eta Itxaro Iraeta ilustratzailea. Hain justu, diskoaren portada ondu du Juaristik, eta Iraetak, batetik, diskoaren barruko ilustrazioak egin ditu. Diskoaren liburuxkaren maketazioaz ere arduratu da azken hori.
Esaldi bat aintzat hartuta osatu behar izan du Juaristik diskoaren azala izango den irudia: "Ispiluan dagoenari, loreak oparitu agertzen denean…". Musika taldearen kanta bateko esaldia da hori, eta horri bide emanez, Juaristik ispilu bat eta hark erakusten dituen loreak marraztu ditu. "Norbere burua baloratzea eta maitatzea izan dituzte musika taldekoek oinarri; hortik nahi zuten lan egitea", esan du Juaristik.
Hamabost urtez hainbat musika taldetan ibili den Jon Garciak abiatu du Gar musika taldearen proiektua. Zortzi abesti bildu dituzte beraien lehen bilduman. Garciarenak da taldeko ahotsa, nahiz eta gitarra ere jotzen duen. Proposamen berri horretan, pop-rockean oinarritutako abesti intimoagoak konposatu ditu taldeak. Liher Granadosek (baxua), Asier Ardanzak (bateria) eta Martzel Vargasek (gitarra) osatzen dute taldea.