Bihar, ostirala, hasiko da Donostiako 73. Nazioarteko Zinemaldia, eta askotariko filmak eskaini eta sarituko dituzte jaialdia osatzen duten sail desberdinetan. Laugarren urtez jarraian, esaterako, Euskadi Basque Country 2030 Agenda saria emango dute, eta sariaren epaimahaiburuetako bat Asier Aranbarri azkoitiarra izango da, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialeko zuzendaria; harekin batera ariko dira Carolina Yuste aktore eta zuzendaria eta Harkaitz Cano idazlea.
Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Trantsizioko Idazkaritza Nagusiak eta Agenda 2030ek sustatzen dute Euskadi Basque Country 2030 Agenda saria, eta antolatzaileen arabera, Nazio Batuen 2030 Agendak bultzatzen dituen Garapen Iraunkorreko Helburuen ikur nagusi gisa iraunkortasunaren eta elkartasunaren balioak hobekien islatzen dituen filma saritzen duten han.
Zinemaldiaren programazio ofizialeko zortzi film daude sari hori irabazteko hautagaien artean. Sari banaketa ekitaldia hilaren 25ean izango da, Tabakalerako Prisman, eta film irabazlearen ekoizle nagusiak 20.000 euro jasoko ditu.