Bizenta Mogelen 'Ipui onak' klasikoaren irakurketa jarraitua egiten ari dira Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Beittu!

Nerea Ibarzabal, Bizenta Mogelen 'Ipui onak' lana irakurtzen.

Azkoitiko idazleak 1804an argitaratu zuen Ipui onak irakurriko dute, txandaka, 200 pertsona inguruk.

Bizenta Mogel idazle azkoitiarraren Ipui onak lana etenik gabe irakurtzen ari dira gaur Bilboko Arriaga antzokian. Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen du Klasikoen Irakurtaldi Jarraitua izeneko ekimena, eta emakume batek euskaraz argitaratutako lehenengo liburua aukeratu du aurtengo ediziorako.

Horrela, 08:00etatik 14:00etara arte, hainbat pertsona txandakatuko dira Arriaga Antzokiko atrilean 1804an argitaratutako Ipui onak lanaren pasarte bana irakurtzeko. Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak abiatu du irakurketa, baina, bere atzetik, 200 pertsona inguru txandakatuko dira goiz osoan zehar. Euskal gizartearen eremu guztietako ordezkariek parte hartuko dute: kultur eta gizarte eragileek, ikasle eta irakasleek, erakundeetako, elkarteetako eta sindikatuetako ordezkariek, eta abar.

Zuzeneko irakurketa bideo-proiekzioekin txandakatuko da. Ikus-entzunezko horietan, Bilboko institutuetako ikasleak irakurtzen agertuko dira, baita diasporako kideak eta munduan zehar dauden 50 euskal etxeetako euskara ikasleak ere.

Bizenta Mogelen Ipui onak lanaren irakurketa jarraitua online ikus daiteke, esteka honetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide