Beittu!

Realean 300 partida jokatzera heldu da Igor Zubeldia

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2025ko mai. 12a, 10:46

Igor Zubeldia, Realeko jokalaria. (Reala)

Espainiako Ligan, Europa mailako txapelketetan, Espainiako Kopan eta Superkopan jokatuta iritsi da futbolari azkoitiarra 300 partidako langa osatzera. 2029ra arteko kontratua du hark txuri-urdinekin, eta beraz, partida kopurua handitzen jarraitzen segituko du datozen urteetan ere.

Igor Zubeldia futbolariak 300 partida jokatu ditu Realarekin. Azkoitiarra joan den zapatuan heldu zen langa horretara, Atletico Madrilen aurka jokatutako partidan, txuri-urdinek Metropolitano estadioan 4-0 galdu zuten lehian.

Zubeldiak, guztira, 233 partida jokatu ditu Espainiako Ligan, 37 dema Europa mailako txapelketetan (Txapeldunen Liga eta Europa League), 29 lehia Espainiako Kopan eta bat Espainiako Superkopan. Txuri-urdinen atzeko lerroko jokalari ezinbestekoenetako bat da Zubeldia, eta datuek berresten dute hori; izan ere, azken zortzi denboraldietan 30 partidatik gora jokatu ditu hark. Hain justu, iaz iritsi zen denboraldi bakar batean partida gehien jokatzera, Realak Txapeldunen Liga jokatu zuen denboraldian, hain zuzen; 43 partida jokatu zituen orduan Zubeldiak.

2015ean igo zuten futbolari azkoitiarra gazteen mailatik Sansera, eta zehazki, 2015-1016 denboraldian egin zuen debuta Realaren lehen taldearekin, 2016ko maiatzaren 13an. 19 urte besterik ez zituela, Valentziaren aurka jokatu zuen azkoitiarrak Mestalla futbol zelaian. Zubeldiak duela bi urte berritu zuen azkenengoz kontratua Realarekin 2029ko ekainera arte.

300 partida jokatu dituela eta, Realak elkarrizketa egin dio futbol jokalari azkoitiarrari. Honako bideo honetan ikus daiteke bideo elkarrizketa:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide