Bilbo Zaharra euskaltegiak Bizenta Mogel idazleari eskainiko dizkio aurtengo jardunaldiak, idazle azkoitiarra izan zelako euskaraz argitaratu zuen lehen emakumea. Hain zuzen, datorren ekainean hemezortzigarrenez egingo duten Klasikoen Irakurraldi Jarraituan Mogelek 1804an argitaratu zuen Ipuin onac ipuin bilduma irakurriko dute hainbat pertsonak Arriaga antzokian –iaz, argitalpenaren 220. urteurrenean, liburu horren hainbat pasarte irakurri zituzten Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Geure Gelatik azokan—.
Irakurrialdearen aurretik, ordea, idazlearen lana ardatz hartuta bi jardunaldi egingo dituzte, bihar eta etzi. Bihar —asteazkena— Mogelengan oinarrituta Argiaren alaba eleberria idatzi zuen Yolanda Arrietak eta Josune Muñoz literatur ikerlariak hitzaldia emango dute. Etzi, berriz, emanaldi musikatua izango da Itxaro Borda idazlearen eta Ibon Rodriguez musikariaren eskutik. Bi saioak Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira.