Primeran euskarazko ikus-entzunezkoetan plataforma digitalak Krimenak. Gure kronika beltza izeneko serie dokumentala aurkeztu du. Xabier Madariagak aurkezleak Euskal Herrian azkeneko 25 urteetan gertatu diren hainbat krimen aztertuko ditu, kriminologoen, ikertzaileen eta adituen laguntzarekin. Hain justu, sei ataletan banatuko dute serie dokumentala, bakoitza krimen kasu bati lotuz, eta horietatik bik dute nolabaiteko lotura Azkoitiarekin.
Seriearen hirugarren atalean, Gasteizko hilketak deiturikoan, 1998 eta 1999 urteetan Gasteizen jazotako hilketak izango dituzte hizpide. Lau hilketa izan ziren han bi urte horietan, eta Koldo Larrañaga azkoitiarra baino ez zuten atxilotu, hari lau hilketa horietako bi egotziz. Nolanahi ere, gainerako bi kasuak argitu gabe daude oraindik.
Seigarren eta azken atalean, berriz, Azkoitiko leizeko krimena deiturikoan, 2009an Madariaga auzoko leize batean aurkitu zuten gorpuaz arituko dira. Auzo horretako siman agertu zen Ignacio Pascual Hernandez Erandioko (Bizkaia) 64 urteko bizilagunaren hilotza. Elgoibarko tailer batean hil zuten hura, gorpua leizera bota aurretik, eta ikerketak agerian utzi zuen droga-trafikoarekin lotutako hilketa bat izan zela.
Bi kapituluak 40-45 minutu ingurukoak dira, eta Primeran plataforma ikus daitezke. Doako da plataforma, baina erregistratzea eskatzen du edukiak ikusi ahal izateko.