Aurten ez da Santa Ageda bezperako ohiturari segida emateko aukerarik izango; ez da santa eskerik izango. Hala eta guztiz ere, Iosu Arrizabalaga Izer trikitilari azkoitiarrak trikitiak lagunduta hainbat kopla abestu eta bideoz grabatu ditu. Izerrek Matxinbentako santa eskeko taldean parte hartzen du beste hainbat azkoitiarrekin batera.
Santa eskean parte hartu izan duelako, "gaurko egunez azken 22 urteetan lanera joan gabe" zegoela azaldu du azkoitiarrak; gaur, lanera joan behar izan du, baina aurretik ordu erdi bat hartu du, bertsoak egin, bideoz grabatu eta santa eskean aritzen diren kuadrillako lau laguni bidaltzeko. Kopletan, besteak beste, aipagai izan ditu aurten santa eskea egin ezina, Matxibentako santa eskeko taldea, Loidisaletxe bertsolaria eta Joxe Luix Garmendia Laja.