Azkoitiko Gaztetxea

"Bai lehen eta baita orain ere, hitz egiteko prest gaude"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Gazte Asanblada 2026ko apirilaren 7a

Gaztetxearen aferaren harira alderdi politikoek egindako adierazpenen gaineko balorazioa egin du Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) bideo honetan. Okupatu duten espazioa "segurua eta erabilgarria" dela "ziurtatu" du, era berean, AGAk.

Azken astean herriko alderdi politikoek Azkoitiko Gaztetxearen inguruko iritzi ezberdinak plazaratu dituzte, eta guk ere gure posizioa azaldu nahi dugu, modu lasai eta argian. Hasieratik bezala, eraikin hau eskuratu aurretik Gaztetxearen beharra adierazten eta aldarrikatzen egon gara.

Gaztetxearen beharra mahai gainera atera dugun bakoitzean, alderdi politikoek infantilizatu egin gaituzte eta gutaz paso egin dute; Gaztetxea ireki berritan, ordea, elkarrizketarako deia egin dute. Gure aldetik, garbi adierazten dugu bai lehen eta baita orain ere hitz egiteko prest gaudela, beti ere elkarrizketa hori eraikitzailea bada, eta proiektuarentzako aurrerapausoak emateko helburuekin.

Bestetik, azken egunetan segurtasunaren inguruko kezka asko irakurri dira, eta errealitatea da espazio hau erabiltzeko AGAko kideok ziurtatu dugula Gaztetxea segurua eta erabilgarria dela, bai guretzat eta bai etorriko den jendearentzat; gu gara lehenengo interesatuak hori horrela izan dadin.

Azkenik, azken egunetan Gaztetxea martxan jartzen jarraitu dugu. Hainbat ekintza egin ditugu: auzolanak, auzokoekin bilera, karaokea, pintxo-poteoa, kontzertuak... Pixkanaka espazioari bizitza ematen ari gara.

Aurrera begira, proiektua sendotzeko beharrezkoa izango da lan ezberdinak eginez proiektuarekin aurrera jarraitzea, antolakuntzaren eta lanaren bidez aurrerapauso handiak lortu baititugu; gogor ari gara lanean Gaztetxeari forma emateko.

Gaztetxea herriko gazteon topagune bihurtzeko lanean jarraituko dugu. Guztiok zaudete gonbidatuta datozen egitarauetara!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide