Azkoitiko Gazte Asanblada (AGA) denboraleak Valentzian (Herrialde Katalanak) kaltetutako herritarrei laguntzeko oinarrizko produktu bilketa jarri zuen martxan, joan den astean. Gaurko, biharko eta etzirako ere hitzordu bana zuen zehaztuta AGAk, baina gaurko bilketa bertan behera gelditu da.
Horrenbestez, Valentziara materiala eta produktuak bideratu nahi dituztenek bihar eta etzi izango dute ekarpena egiteko aukera. Bihar, ostirala, 10:00etatik 20:00etara izango dira AGAko ordezkariak Elkargunean, eta etzi, zapatua, 09:00etatik 15:00etara.
Azken asteotan Valentzian bizi izan duten Dana deituriko hondamendi naturalak eragindako kalteak bere horretan dirau oraindik orain. Valentziako herri langilea guztiz kolpaturik gelditu da, egoera zaurgarrian eta babesik gabe, eta beraien bizkar gainean ehunka hildakoren zama dutela. Joan astean esan bezala, herriaren zuzendari eta lurraldeko egoeraren arduradun diren politikari profesionalak nahiz horiek kontrolatzeko boterea duten enpresariak egoera horretatik etekina nola atera dezaketen pentsatzen eta martxan jartzen ari dira, langileriaren beharrak guztiz alde batera utziz.
Garbi dugu Valentziako kasua gaur egun bizi garen sistema kapitalistaren gainbeheraren eta herri langilearen beharrei erantzuteko zein herria kudeatzeko duten ezintasunaren adibide bat gehiago dela. Horregatik, geroz eta beharrezkoagoa zaigu irabazien logika alde batera utzi, eta langileok lehentasuntzat hartuko gaituen eta langileon ongizatea bermatuko duen sistema bat aldarrikatzea.
Elkartasuna eta indarra Valentziako herri langileari! Gure hildakoak, haien irabaziak!