Irailaren 23an buzo zurien martxa erraustegira eta iraultza txikien akanpada

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Zutik 2018ko ira. 18a, 14:59

Gipuzkoa Zutikek irailaren 23an, igandea, erraustegia eta makro-kartzela egin nahi dituzten lekura martxa antolatu dugu 16:00etan.

Gipuzkoako Aldundia arazo handi bat sortzen ari da alferrikako azpiegitura hau inposatu nahian. 30 kilometroko erradioan bizi garen ehunka milaka lagun arrisku larrian jarriko gaitu, 24 orduz minbizi hodei bat sortzen ariko baita, eta haizeak batera eta bestera mugituko du. Nola onartu halakorik?

Munduak erraustegiak atzean utzi behar ditu. Airea kutsatzen, diru publikoa bidegabe xahutzen eta klima berotzen ari dira axolagabe batzuk. Gainera, azken astean hiru erraustegi proiektu bertan behera utzi dituzte: Buenos Airesen bat, Mexiko Hirian beste bat eta Sidneyn azkena. Nola ulertu, jendea bide horri uko egiten ari denean, Gipuzkoan halako bat egitea? Hobe bai erraustegian xahutu nahi duten dirutzaren laurdenaren laurdena jasangarritasunean eta birziklatze tasak hobetzeko neurri errealetan inbertituko balituzte! Sobera frogatua izan da erraustegia ez dela behar, alternatibak badaudela.

Erraustegia gaur egungo politika neoliberalaren sinbolo dela azpimarratu nahi dugu. Erraustegi hau ez du inork nahi, soilik denon dirua den diru publikotik milioika euroko kontratua jaso nahi duten horiek. Gainera, ez da ahaztu behar, Urbaser multinazionala ikertua izaten ari dela herrialde askotan politikariei komisioa ordaintzearren kontratu publikoen truke. EAJ alderdia ere, Araban lehertu zaion De Miguel auziak erakusten du, komisioak kobratzen ibili dela urte askotan Euskal Herrian kontratuen trukean. Zer arraio ari da gertatzen hemen? Egia exijitzen dugu.

Urte honetan Angula Ustelak hitzaldietan oso argi utzi dutenez Ainhoa Intxaurrandieta eta Igor Meltxorrek, erraustegiaren proiektua ustelkeria kasu agerikoa da. Lapurtutako ordenagailuak, EAJk FCCri oparitutako kamioiak, herritar guztion kalterako diren kontratuak bankuekin sinatu eta blindatzea, hauek ospatzeko gure diruarekin bankariak angulatara gonbidatzea, erraustegia gelditu zutenei era pertsonalean orain agintean daudenek eragindako zuloa leporatzea... ez dira onargarriak.

Iraultza Txikien Akanpada

Gogorarazi nahi dugu, bestelako Euskal Herri bat amesten duten herri mugimendu eta herritarrentzat Iraultza Txikien Akanpada deitu duela Lurralde Askea mugimenduak Zubieta herrian asteburu horretarako. Deialdiarekin bat egiten dugu, gure martxa ekimen horretan kokatuz, igandean 16:00etan Zubieta herritik hasita. Gorde agendan!

Argia.eus ataritik hartutako albistea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide