'Angula ustelak, zer gertatzen da Euskal Erregimenari aurre egiten badiozu?' hitzaldia apirilaren 16an

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Zutik 2018ko api. 9a, 09:41

Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen kasua jendarteratzeko Gipuzkoa Zutikek antolatutako hitzaldia Azkoitin entzuteko aukera izango dugu apirilaren 16an, 19:00etan, Elkargunean.

 

Intxaurrandieta eta Errazkin apirilaren 12an epaituko ditu Madrilgo Kontu Auzitegiak, Gizpuzkoar guztiontzat ekonomikoki kaltegarria den Zubietako erraustegia gelditzeagatik 2013an. Ondasun pertsonaletatik 100 milioi euro eskatzen dizkiete.

Epaiketa honekin "Euskal Erregimena" bidaltzen ari den mezua da ezin dela eredua zalantzan jarri. Beste eredu bat nahi duten herritarrek hauteskundeak irabaztea lortzen badute ere, eta milaka milioiko zorra dakarten proiektuak alferrikakoak direla frogatzen badute ere, negozio horiek ezin dira ukitu. Bestela zureak egin du. Intxaurrandieta eta Errazkin zigortzen badituzte, mugarri oso arriskutsua jarriko dute eta aurrerantzean edozein proiektu gelditzen saiatuko denak, aurrekari honen itzal izugarria izango du gainean.

Hitzaldi honetan ikusiko dugu, erraustegiaren kasuko gertakizun zehatzetan oinarrituta, Euskal Erregimenak nola funtzionatzen duen. Ustelkeriari lotutako hamaika gertakizun ezagutuko ditugu: Lapurtutako ordenagailuaren eta suntsitutako dokumentazioaren kasuak, bankuekin eginiko tratu absurdua, enpresen txostenak idatzi zituzten funtzionarioen kasua, beharrezkoa ez den gastu publikoa justifikatzeko gaindimentsionatutako datuak... diru publikoa betikoen esku pribatuetara pasatzeko mafien jokamoldeak.

Herritarrak gertatzen ari denaren gainean informatu eta erakunde publikoetan politika egiteko moduez gogoeta eta eztabaida sustatzea ditu helburu hitzaldiak. Eta Intxaurrandieta etaErrazkikin herritarron babesa adieraztea, apirilaren 7an Azpeitiko manifestazioan egin bezala.  Herritarron interesak defendatzen dituztenak horrela zigortzen saiatzea ez dugu onartzen.

Apirilaren 16an, epaiketa pasa berritan, Azkoitin izango ditugu hitzaldian Intxaurrandieta eta Igor Meltxor kazetaria eta analista, 19:00etan Elkargunean.



Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide