Non egongo ote gara 2051. urtean? 35 urte barru… nola biziko dira
gure ondorengoak? Nolako airea arnastuko dute? Nolako zerbitzu
sozialak edukiko dituzte? Zein gaixotasun sufrituko dituzte 2051.
urtean? Nork eta zein dirurekin zainduko ditu gaixoak, zaharrak,
umeak…?
Ezin dugu onartu erraustegi inposatu bat datozen 35 urteetarako
kaltetuko dituena gure osasuna, ingurumena eta denona den finantza
publikoa.
Krisi ekonomiko sakonean bizi gara. Krisi ekonomikoak ekarri ditu
krisi soziala, politikoa, humanitarioa. Konturatzen hasi gara Lurra
planeta bakarra dela, mugatua. Ezin dugu segitu berdin, “erabili-ta-
bota”, “erabili-ta- bota”…
Osasun krisi batean ere bizi gara. Gero eta minbizi gehiago, gero eta
gaixotasun berezi gehiago… Nolaz baimentzen dute erraustegi berri
batekin kutsatzea gure airea eta gure ondorengoek arnastuko dutena?
Krisi humanitarioa ere badaukagu. Garapen ereduak eragindako krisi
sozial eta humanitarioa. Gure etxeetaraino ekarri du ezin bizia:
Langabezia, lanpostuen prekarietatea, etxegabetzeak, pobrezia gero
eta ugariagoa…
Hori gutxi balitz administrazioek… inbertsio faraonikoetan xahutu
dituzte diru publikoak… eta inbertsio sozial guztietan murrizketak
egiten dituzte: murrizketak osasungintzan, murrizketak irakaskuntzan,
gazteen laguntzetan, ezindu eta pobreenen laguntzetan…
Esan diezaiogun EZ! Gipuzkoarren bizitzak 35 urterako hipotekatuko
dituen Erraustegiari, alferrikakoa den Erraustegiari.
Urte asko daramatzagu oihukatzen ERRAUSKETARIK EZ! Urteak
daramatzate Gipuzkoan erraustegia egin nahian, zerbitzu publikoekin
aberasten diren enpresa handi ustelak eta lotsa gutxiko zenbait
politikari. Erraustegia oraindik eraiki gabe egotea… ez al da garaipen
bat izan?
Baina GAINERA, 2009an hasita Gipuzkoan martxan dago Alternatiba…
Erraustea baino garbiagoa, osasuntsuagoa eta merkeagoa.
Gipuzkoako udalerrien erdia baino gehiagotan egunero dago
MARTXAN hondakinen kudeaketa Alternatiboa. Gipuzkoan
demostratzen ari gara ez dugula hondakinak erre beharrik.
Orain nahitaezkoa da udalerri askok egin duten bideari beste guztiek
ere jarraitzea. Gipuzkoar guztiok berdinak eskubideetan, Gipuzkoar
guztiok berdinak betebeharretan. Denon betekizuna da hondakinak
murriztea eta sortutakoak ondo sailkatu eta tratatzea.
Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen duten alderdiei berriro ere
esan nahi diegu: Gelditu ezazue proiektua!
Egin kasu herritarrok eskatzen dizuegunari!
Herritarrei dei egiten diegu: mugitu gaitezen gipuzkoarrok!
ERRAUSKETARIK EZ! EZ GURE IZENEAN!