Datorren igandean osasunaren alde eta erraustegiaren kontra Onkologiko eta Diputazio bitartean egingo den giza-katerako konpromiso-bilketa erritmo onean doa. Dena dela, egun gutxi geratzen dira eta Mugimenduak herritarrei dei egin nahi die izena lehenbailehen eman dezaten. Gipuzkoan erraustegiari aurre egiteko pilatzen ari diren borondateak eta indarrak gero eta handiagoak dira eta, aurreikuspen guztien arabera, Onkologikotik Diputaziora doan ibilbidea jendez beteko dugu.
Izan ere, dagoeneko ehunka eta ehunka dira iganderako konpromisoa hartu duten herritarrak.
Hala ere, antolakuntza-lanak ahalik eta txukunen burutu ahal izateko, aldez aurretik izen ematea eskatzen dugu. Ibilbidea 9 gunetan banatua dago, eta Gipuzkoako eskualde bakoitzari zati bat egokitu zaio. Izena aldez aurretik emateko helburua da parte-hartzaileak ibilbidean zehar era orekatuan banatua egotea. Informazio guztia, erraustuez.org webgunean aurkitu daiteke.
Jakina den bezala, izena emateko bi bide daude.
- ·Tiketa eskuratzea: Oreka bioelkartearen dendan eta Zakela tabernan daude izen emate txartelak eskuragarri. Ostegunean, pintxopote garaian, eliz atarian izango gara.
- ·Beste aldetik, Interneten bidez ere izena eman daiteke, erraustuez.org webgunean sartuta.
Joan etorria egiteko autobusa ere ipiniko dugu nahi duenarentzat. 10:00tan liburutegi ondoko geltokian hartu eta ekitaldia bukatutakoan, 13:30 aldera, buelta egitea da asmoa.
Igandean Gipuzkoan ikusiko da zein den Zubietako erraustegiak eragiten dituen samina eta kontrakotasuna. Erraustegiaren eraikuntza kosta hala kosta aurrera eraman nahi duenak entzun beharko gaitu. Igandean erraustegiaren aurka gaudenok ezinbesteko hitzordua dugu, atera gaitezen kalera!