Zurekin aldizkariaren ekaineko zenbakian lau orrialdetatik bi oso-osorik Azkarateko hondakinen plantari buruzkoak dira.
EAJk berak larritzat jotzen du datorkiguna: "Orduero 104 tona hondakin sartuko lirateke Azkaraten, zortzi kamioi orduero: zazpi minutuero kamioi bat sartuko eta irtengo litzateke. Non geratzen dira aurrezte energetikoak, C02aren murrizketa, garraioaren optimizazioa eta ingurumen inpaktuaren minimizatzea? Eusko Jaurlaritzaren 2030-IIPKPak hau dio: 'Eraikuntza eta eraispen hondakinak balorizatzeko gaur egun ditugun azpiegiturak aski dira'. Beraz, Larke proiektuak Azkoitiari ekarriko lioken kalte izugarriagatik eta horren beharrik ere ez dagoenez, EAJk, berriro ere, proiektuaren aurkako postura irmoa agertzen du eta gauzatu ez dadin ahal duen guztia egingo duela adierazten du".
Berriro ere kazeroladak egiten hasi behar ote dugu Larke 360ko arduradunei gogorarazteko Azkoitiko herriak ez duela proiektu hau aurrera eramaterik nahi ?
Larkeren hitzak: Sortu den tsunamia ikusi ondoren, alderdi guztion baiezkorik gabe ez zuela gune hori eraikiko adierazi zuen, bera ere herri honetan bizi delako eta bai berak eta bai bere familiak kalean lasai ibiltzea nahi dutelako.
Lehen ere izan ditugu Azkoitian oraindik ere ordaintzen ari garen esperientzia tamalgarriak; bai, Oñederko zabortegiaz ari gara (hondakin arriskutsuak balorizatzeko edo ezabatzeko instalazioa), herriari kaltea bakarrik ekarri diona.
Larke 360 S.L. eta EGURKI berdinak dira. Lehenengo izenarekin azaltzen den enpresarekin (Larke) Azkoitirako hain kaltegarria den proiektua martxan jartzea nahi dute (beraiek emandako hitzarekin ez dator bat), Egurki izenarekin, berriz, enpresa berak “negozioak” egiten jarraitzen du udalarekin, eta hor agertzen zaigu kontraesana, bien arteko harreman horiek ez dutelako islatzen Udal Gobernuak aipatzen duen ustezko ondoeza hori (hain ondorio larriak dituen proiektua atzeko atetik sartu nahian).
Badirudi anestesiatuta bizi garela eta ez zaigula batere axola ez Azkoitiaren etorkizuna eta ezta ere gure ondorengoei utzi behar dizkiegun bizi baldintza kaskarrak. Horregatik diogu izenburuan Larke 360 S.L. enpresa non grata.
Azkoitiarron ingurumenaren kalitatea arriskuan dago! Behar ez den azpiegitura bat da! Helburu bakarra negozioa egitea da, herritarren ongizatearen kaltetan! Esna gaitezen berandu baino lehen!