Amaia Ugalde kazetariak egindako elkarrizketa da ondorengoa, Maxixatzenen abenduko alean argitaratutakoa:
Bidaiatzeko zaletasunak elkartuta, bidaien inguruko hitzaldiak antolatzen hasi ziren gazte batzuk, duela hamabost urte. Ordutik, bidaia tertuliak ostiral iluntzetarako plan ederra izaten da askorentzat. Hamabosgarren urteurrenaren aitzakian, hasierako antolatzaileekin eta gaur egungoekin izan da Maxixatzen.
Hurrengo bidaia nora egin pentsatzen ibiliko zarete zuetako asko. Beste batzuek, agian, beti izan duzue txokoren bat ezagutzeko irrika. Agian denok ez dugu gaitasunik izango bizikletaz Afrikara joateko, ezta Norvegiako hotzetan kanpin dendan lo egiteko ere. Baina horrelako abenturak ere gustura entzuten dira Azkoitiko bidaia tertulietan.
Duela hamabost urte, Julen Garate, Edurne Nuñez, Xabier Larrañaga Txanton eta Ixaak Agirre hasi ziren bidaia tertuliak antolatzen. “Kuadrillakoak ez, baina ezagunak ginen, eta bagenekien bidaiatzea gustatzen zitzaigula”, gogoratu du Garatek: “Gaur egun agian normalagoa da kanpora irtetea, baina lehen ez zen horrela”. Irratian Levando anclas bezalako bidaia saioak entzutea gustatzen zitzaion jendea da. Korrika egiteko zaletasuna zabaldu zen antzera, herrian hitzaldiak antolatuta bidaien inguruko zaletasuna indartzea bururatu zitzaien.
Eta horrela hamabi urtean, duela hiru urte taldeak erreleboa izan zuen arte. Urteetako lana uztear zeudela, Ainhoa Aldalurri bota zioten erronka, eta gaur egun bost lagun dabiltza antolaketan: Aldalur bera, Estela Ruiz de Azua, Itziar Beristain, Iban Aranbarri eta Xabier Arenaza. Arenazak azaldu duenez, segitzeko beharra ikusi zuten: “Ni neu gustura joaten nintzen hitzaldietara, eta ikusten nuen pena izango zela herrian halakorik ez antolatzea”.
Lau hitzaldi izaten dira, eta askotarikoak egin nahi izaten dituzte: bizikletaz egindakoa izan ohi da bat, bidaia handiren bat ere egoten da, eta edonork bere oporraldian egiteko moduko bidaiek ere izaten dute tartea. Publikoa nahiko fidela da, eta antolatzaileek nabaritu dute publikoa aldatu egiten dela hitzaldi motaren arabera. Lehenago, Kutxako Gizarte Ekintzak zeukan bidaia katalogo baten bidez aukeratzen zituzten hitzaldiak, baina kendu dute katalogoa, eta beste bide batzuk jorratzen dituztela azaldu du Arenazak: “Batzuetan hizlariak berauek etortzen dira proposamenekin, eta beste batzuetan guk ezagutzen dugun jendea izaten da”.
Horrela, 19:30ean hasita ordubete pasatxoz, argazkiekin, mapekin, bideoekin eta oroitzapenekin osatzen dute hitzaldia bidaiariek. Amaieran, jakin-mina asetzeko, galderen tartea egoten da. Horren ondoren, luzapena dator: antolatzaileek hizlaria afaritara gonbidatzeko ohitura dute, eta bidaian murgilduta jarraitzen dute: “Gauza asko irteten dira, eta askotan hitzaldia baino interesgarriagoa izaten da!”.
Atzera jo eta tertulia kuttunik ba ote duten galdetuta, Julen Garatek Jesus Torquemada aipatu du. Hainbatetan etorri da Azkoitira hitzaldiak ematera, eta, hitzaldiez gain, bost ikastaro ere eman zituen. Ikastaroetan, Afrika, Asia, Europa eta abar landu zituzten, eta herrialde horien berezitasunez eta historiaz ikasi zuten: “Gerora, askotan gogoratzen naiz bertan entzundakoez. Adibidez, Afrikako ikastaroan esan zigun txinatarrak Afrikan sartzen ari zirela lehengai bila, baina artean ez zen ezer entzuten. Gerora, albiste izan direnean, Torquemadak kontatutakoez gogoratzen naiz”. Arenazak Mila Gallastegi eta Asier Aranzabal bikotearen hitzaldiak gogoratzen ditu: “Urteetan etorri dira, eta jendea zain-zain egoten zen”.
Filminetatik Google Maps-era
Urteotan asko aldatu dira bidaiatzeko ohiturak, eta bidaietan ikusitakoak biltzeko teknologia ere bai: lehen, tertulietan filminak ere erabili izan zituzten aurkezpenetan. Gaur egun, berriz, mugikorrarekin ateratzen ditugu argazkiak, eta, nora goazen ikusteko, Google Maps bezalako tresnek erraztasun handiak ematen dituzte. Kanpora ere gehiago joaten gara: “Sasoi batean sakratua zen Aste Santuan edo Gabonetan etxean egotea, eta gaur egun jende asko irteten da”. Lehen baino urrutiago, gainera. Hainbat azkoitiarrek parte hartu dute bidaia tertulietan, eta halakoetan jende ugari joaten da kultur etxeko aretora.
Argazkian, bidaia tertulien hasierako taldeko eta gaur egungo taldeko kide batzuk. Taldeko kide izateko edo proposamenak helarazteko: azkoitikobidaiariak@hotmail.com