Egin daitezke 2025erako triatloi lizentziak eskuratzeko izapideak

Kirolariak triatloi proba batean.

Azkoitri triatloi klubarekin jar daiteke harremanetan lizentzia izapidetzeko. Otsailean hasiko da duatloi denboraldia, eta maiatzean, triatloikoa.

Izapidetu daitezke dagoeneko 2025. urteko triatloi lizentziak. Abenduaren 25etik martxan da sasoi berriko tramitazioa. Azkoitri triatloi taldeak jakinarazi duenez, lizentziaren prezioa kategoriaren araberakoa da: haurren mailakoak 44 euro balio du; kadete nahiz gazte mailetakoak, 55 euro; junior mailakoak, 75 euro; eta azkenik, adin horretatik gorako maila guztietako lizentziak, 85 euro.

Dena den, herriko triatloi klubak adierazi du ezinbestekoa dela honako esaldi hau agertzen den mediku baten agiria: "Osasun-azterketa egin ondoren, une honetan ez du jarduera fisikoa egitea eragozten dion edo egitea gomendatzen ez dion gaixotasunik, patologiarik edo osasun-arazorik, eta triatloi modalitatea egiteko GAI dela onartzen da".

Hilabete denboraldiari ekiteko

Duatloi denboraldia otsailaren 15ean hasiko da Amorebietan (Bizkaia), eta triatloi denboraldia, berriz, maiatzaren 10ean, Hondarribian (Gipuzkoa). Azkoitri triatloi klubak herriko kirolariak animatu nahi ditu, jokatuko diren duatloietan eta triatloietan parte hartzera, proba federatuetan zein herrikoietan; duatloi eta triatloi herrikoietan ez da beharrezkoa federatuta egotea.

Azkoitiko IV. Umeen Duatloia eta X. Duatloi Herrikoia maiatzaren 17an jokatuko dira, eta aurrerago emango da informazio guztia. Honako hau da behin behineko 2025. urteko duatloi eta triatloi egutegia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide