Jon Albizurik distantzia luzeko munduko txapelketarako txartela lortu du Gasteizen

Albizuri korrika, Gasteizen.

Albizuri laugarren sailkatu zen 40-44 adin mailan, eta hori horrela, munduko txapelketa lehiatu ahal izango du Konan (Hawai).

Joan den igandean jokatu zen Gasteizko distantzia luzeko triatloia, Iron Man frankiziako triatloia eta Munduko Txapelketara sailkatzeko baliagarria. Proban parte hartu zuten Azkoitri triatloi klubeko Jon Albizurik eta Joseba Expositok. Albizurik 9.06.05 denbora behar izan zuen helmugara iristeko, eta Expositok 9.29.33 denbora. Albizurik bere adin mailan (40-44) laugarren postua lortu zuen, eta hori horrela, datorren urriaren 26an Hawaiiko Kona herrian jokatuko den munduko distantzia luzeko triatloi txapelketara sailkatu zen.

Lehendabizi, triatletek 3,8 kilometroko zirkuitu bat egin behar izan zuten Ullibarri-Ganboako urtegian igerian. Ondoren, bizikletan, 180 kilometro Gasteiz inguruan, eta azkenik, Gasteizen zehar 42,2 kilometro korrika.

Argazki gehiago ikus daitezke taldeko webgunean edo Instagram kontuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide