Joan den larunbatean jokatu zen Legutioko distantzia olinpikoko triatloia. Azkoitriko taldekideen artean, Xanet Albizu izan zen azkarrena gizonetan; hemeretzigarren helmugaratu zen azpeitiarra 2:27:42 denbora eginda. Emakumeetan, berriz, Vanessa Cerrajero izan zen Azkoitriko partaide bakarra, eta hura hamairugarren postuan helmugaratu zen, 3:10:11 denbora osatuta. Lasterketako adin mailako sailkapenei dagokienez, postu hauek lortu zituzten Azkoitriko kideek:
- 2. postuan, Alex Arrieta (beterano 1)
- 2. postuan, Jose Antonio Circujano (beterano 2)
- 3. postuan, Haritz Iturzaeta (23 urtez azpitik)
- 3. postuan, Vanessa Cerrajero (beterano 1)
Taldeka, Albizuren, Iturzaetaren eta Arrietaren denborei esker, laugarren izan zen Azkoitri sailkapen orokorrean.
Lehendabizi, triatloilariek kilometro eta erdiko zirkuitu bat egin behar izan zuten Urrunagako urtegian igerian. Ondoren, Otxandioko herritik eta Oletako gainetik pasatzen zen zirkuitu bat osatu behar izan zuten bizikletan, bi birako 40 kilometro osatuz. Azkenik, Legutioko herriko ibilbide gorabeheratsu batean korrika aritu ziren, 10 kilometroko ibilbidea osatuz.
Sailkapenak honako lotura honetan ikus daitezke.
Argazki gehiago ikus daitezke Azkoitriren webgunean eta Instagrameko kontuan.