Aitor Sotil irabazle, Lekeitioko Triatloiko beteranoen lehen mailan

Azkoitriko zazpi taldekide izan ziren lehian Lekeitioko (Bizkaia) distantzia esprinteko triatloian.

Isuntzako hondartzan 750 metro igeri egin ondoren, udaletxeko plazan bizikleta hartu eta Milloi gainerako joan-etorria egin zuten parte hartzaileek 20 kilometroko zirkuituan. Jarraian, udaletxeko plazan bizikleta utzi eta Santa Katalinako itsasargirako joan-etorria egin zuten korrika, 5 kilometroko zirkuitua osatuz.

Sailkapenei dagokienez, 315 gizon helmugaratu ziren, eta horien artean Aitor Sotil (1:06:09') izan zen azkarrena. Sailkapen orokorrean 32. postua lortu zuen, eta beteranoen lehen mailan irabazle izan zen. Emakumeetan aldiz, 101 emakume helmugaratu ziren, eta Maialen Azpiazu izan zen azkarrena. Helmugara 1:14:57-ko denbora eginda iritsi zen, eta hamargarren postua eskuratu zuen. Taldeka, berriz, Azkoitri triatloi taldea hamairugarren sailkatua izan zen 35 taldeen artean. Sailkapenak honako lotura honetan ikus daitezke.

Argazki gehiago, Azkoitriren webgunean eta Instagrameko kontuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide