Hilabetetik gora igaro da gure osaba Tomasek, zuontzat, beharbada, Epelde, Porrue edota Andorra bezala ezagunagoa zenak, utzi gintuenetik. Oraindik, zaila zait haren falta hitzez azaltzea, baina hori baino gehiago zor geniola iritzita ausartu naiz barrua lotzen didan korapilo hau neure erara askatzera.
Jendeak telebistan, sare sozialetan edo estadioetan futbolari handiak ikusten dituenean, inondik inora ezagunak ez zaizkion munduko izarrak goraipatzen dituenean, neure buruari galdetzen diot ea munduak zer ulertzen duen handi hitzaz. Nik ez dut inoiz inolako pertsonaia handirik behar izan handitasuna zertan datzan jakiteko, nire osaba zena nahikoa baitzitzaidan handienen artean irudikatzeko. Niretzat Tomas ez zen handia zenbaitentzat bera ezaguna zelako edota zenbaitek bera goresten zuelako, ez; Tomas gure etxeko mundu txikian berezia zen, eta horrek egin izan du niretzat handi.
Hauspoak mugitzen du trikitia, eta trikitiaren hauspoak mugitu du halabeharrez gure familiaren historiaren zati handi bat ere. Osabak soinu txikia jotzen zuen, trikitilaria zen, eta musika tresna hori jotzeko zuen moduaren bidez lortu zuen trikitia gure erraietaraino sartzea. Umea nintzela amarekin autoan bidaiatzen nuen aldiro entzuten nuen osabaren abesti zerrendaren bat. Kanta bat amaitzerako jakin ohi nuen segidan zein zetorren, eta neure artean hasten nintzen kantu marmarrean, ondoren zetorren abestia asmatzeko jokoarekin neure burua proban jarriz. Osabari esker, nire txikitako oroitzapenek trikitia dute soinu banda.
Osabak utzi digun arrastoa musikaz haratago doa. Gure familiari nortasuna eman zion, eta ez edozein modutan. Epelde ezizena ez da guretzat izen soil bat; gure sustraien, izaeraren eta historiaren sinonimo bihurtu zuen osabak, aitonak bezala. Soinua jotzen zuen bakoitzean aurpegian zeraman irribarre hura ez zait sekula ahaztuko; behin batek esan zidan soinua jotzean irribarrea erakusten zuten trikitilari gutxi ezagutzen zituela, eta horietako bat zela gure osaba. Irribarrearen ispilua zen Tomas, lehendik alaia den musika alaiago egiten zuena. Bizitzari ere horrelaxe heltzen zion, beti alai eta borroka ororen aurrean umoretsu.
Trikitiaren hauspoak mugitu du halabeharrez gure familiaren historiaren zati handi bat
Aspaldidanik nintzen jabetua trikitiak bestelako sentimendu berezi batzuk sortzen dituela, bai behintzat niri. Hori horrela izan dadin trikitia ardatz hartuta lan egiten dutenei aitortza egitea zilegi da. Gure herri buelta honetan bada trikitiak batzen duen familia bat: Trikigiro. Halako elkarteek lan ikusezina egiten dute, belaunaldiak lotuz eta plaza bakoitza topagune bihurtuz. Egitura edo sare horri esker jarraitzen du gure kulturak taupaka, borborka.
Gure etxean isilduak dira azkenaldian trikiti hotsak. Ordea, osabaren doinuak biltzen dituzten kasete zaharrek nahiz geure baitan erdi marmarka abesten jarraituko dugun piezek balioko digute aurrerantzean ere haren irribarrea gogora ekartzeko. Oroitzen dena sekula ez baita hiltzen. Buruan izan dut beti osabaz liburu bat idazteko ideia, eta batek jakin; diote bizitza honetan denok idatzi behar genukeela libururen bat... Berak emandakoaren ale bat paper zati honetan jasoko dut momentuz.
Mundu hau utzi zenuela jakin genuenean, hain maitea zenuen trikitia jarri genizun altzoan, haren babesean goxoago sentituko zinelakoan. Itxita zegoen soinu txikia zabalik aurkitu genuen hurrengo egunean, eta keinu txiki horri esker, badakit alai zabiltzala, zure lagun zaharren artean.