Europako hainbat herrialdetan borondatezko soldaduska berpizten ari dira. Borondatezkoa baino, erositakoa; izan ere, soldaduskarako berpizkundea pizgarri ekonomiko eskuzabalen bidez saldu nahi dute. Herrialde batek hilean 2.000-3.000 euro inguruko soldatak eskaini dizkie armadara batzen diren gazteei; beste batek, berriz, doako prestakuntzak, drone ikastaroak edo gidabaimena ateratzeko laguntzak, soldataz gain. Horrela ikusita, aukera erakargarriak dirudite horiek, baina joera horren atzean bada kezkatzeko arrazoi bat: gazteen premiak erabilita, erakargarria ez den ingurunean sartu nahi dituzte haiek.
Gerrako sirena hotsak gero eta gertuago direla ari zaizkigu esaten agintariak; edo, behinik behin, hori sartu nahi digute gure buruetan. Gure aurrekoek diote soldaduskara joatea gogorra zela; inposatutako zerbait zen, eta arrazoi horregatik, eztabaida bizia sortzen zuen. Soldaduska lehen ez zen lan irteera bat, eta ez zen saltzen mozkinak lortzeko aukera gisa ere. Orain, berriz, bai.
Azken urteetan gazteen bizitzak ito egin dira, ito egin dituzte. Bai, norbaitzuk hartu dituzte egun bizi dugun egoera bizitzeko erabakiak; hau ez zaigu kasualitatez iritsi, edo behintzat, nik ez dut horrela uste. Ordaindu ezin diren alokairuak ditugu, soldata txikiak, enplegu ezegonkorrak, eta, oro har, gero eta garestiagoa den bizitza. Bada, hara hor gazteek itolarriari aurre egiteko agintariek proposatu diguten edabe magikoa, galdu ezin dugun "eskaintza": 'Egin ezazu soldaduska'. Zoritxarrez, asko izango dira bide hori hartuko dutenak, gazte izateko edota bizitzako urterik ederrenak igarotzeko abagunea galduko dutenak, pertsonok bizitzan behin bizi dugun etapari muzin egingo diotenak. Errekako amuarrainak bailiran arrantzatuko dituzte gazteak soldaduska egiteko.
Errekako amuarrainak bailiran arrantzatuko dituzte gazteak
Pizgarri horiek zenbateraino izan behar dute erakundeen beharrak asetzeko bide, edo bestela esanda, uniformeetatik kanpo alternatiba bideragarririk aurkitzen ez duten gazteak arrantzatzeko modua? Gazteak soldaduskara animatzeko herrialde bat haiei ikastaroak, egonkortasuna eta diru azkarra eskaintzen ari denean, baina, aldi berean, herrialde horrek berak soldaduskatik kanpoko bizitzan gauza bera bermatzen ez duenean, erraz uler daiteke ezkutuko mezua: soldaduskan lortuko duzu handik kanpo lortu ezin duzuna. Balantzako desoreka horrek berak erakusten du gizarte bezala huts egitera goazela, berriz ere.
Soldaduskarako boluntarioak erakartzeko xahutuko duten dirutza hori guztia soldata duinak nahiz etxebizitza eskuragarriak lortzeko edota herritar guztiei prestakuntza eskaintzeko erabiliko balute, kasik ziur, gerra hotsak isildu egingo lirateke. Alferrik ariko dira munduko agintariak bakea sustatzen, gero herritarrei armak eman nahi badizkiete. Uniformea irtenbide bakarra dela dioen gizarte bat eraikitzen hasiak dira. Ez nire izenean.