Ariketatxo bat hasteko. Ondo pasatzeko asmoa duzunean, zertan pentsatzen duzu? Astean zenbat denbora igarotzen duzu ondo pasatzen duzun jarduerak egiten edo benetan gozatzen duzun ekintzetan parte hartzen? Inoiz baino tristeago eta ilunago ibili gara azkenaldian, eta bada aurpegiari zor diogun irribarrea ateratzen hasteko ordua.
Gure arazoak ahazten laguntzen diguten ekintza guztiak ez dira dibertigarriak, guztiek ez baitigute poza ematen. Eroaren moduan lan egiteak, adibidez, lagun diezaguke beste zenbait arazo buruan ez izaten, baina, oro har, ez gaitu dibertitzen, eta gauza gutxi konpontzen laguntzen du. Gure gorputza osasuntsu mantentzeko kirola egin behar dugun moduan, norbere burua osasuntsu izateko ezinbestekoa da nola hala dibertitzea.
Tristea da, baina egun, gero eta zailagoa da ondo pasatzea. Ia ez dugu denborarik ezertarako, eta are gutxiago, ondo pasatzeko, gainerako gauza guztiei eskaini behar izaten baitiegu gure eguna. Okerreko ustea da atseden hartzeko modu bakarra edo onena oheratzea zein telebista ikustea dela. Horrelako jarduerek gorputzari atseden hartzen laguntzen badiote ere, ez dute laguntzen buruko kezkek, arazoek eta bestelakoek eragindako nekea ezabatzen. Neke mota horretarako, dibertitzea da onena.
Norbere burua osasuntsu izateko ezinbestekoa da nola hala dibertitzea
Baina, zenbat jarduera egiten dugu ondo pasatzeko edo denbora librea betetzeko? Pertsona bakoitzak desberdin disfrutatzen du, izaeraren, balioen, sentimenduen, pentsamenduen eta aurretik bizi izandako esperientzien arabera. Pertsona batentzat oso dibertigarria izan daitekeena, oso aspergarria izan daiteke beste batentzat; hori ere horrela da. Zenbaitek ondo pasatzen dute bakarrik egin ditzaketen jarduerekin, eta beste pertsona batzuek lagunak behar dituzte alboan ondo pasatzeko. Batzuek nahiago dituzte ahalegin handia eskatzen duten jarduerak, eta beste batzuek jarduera lasaiagoak bilatzen dituzte.
Eta zertarako orain arte eman dudan erretolika hori guztia? Iruditzen zait garrantzitsua dela norbere burua zerekin edo nola dibertitzen den jakitea. "Jakituria" horrek asko laguntzen duela ohartu naiz, inor ez baita bere burua eta gorputza nolakoak dituen ezagututa jaio.
Aspaldian kuadrillako horrenbeste lagun elkarrekin egon gabe geunden, eta karnabaletan elkartu ginen, mozorropean. Goizean goiz hasi eta iluna ia argitu arte ibili ginen kalean. Lagun taldean ikaragarri gozatzen dut, une horiek nire gozamen iturri dira. Berri Txarrak taldeak Katedral bat abestian zioen moduan, "lagunarteko uneak luzarazi". Ni horretan ahalegintzen naiz, eta zuek ere horretara animatu nahi zaituztet. Bizi eta goza!