Eman odola

Andoni Elduaien kazetariak uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Eman odola'.

Odola bizitzaren sinonimoa da. Odola dugulako lokartu gaitezke lasai iluntzean, eta modu berean esnatu hurrengo eguzki argitan. Odola ezinbesteko osagaia da gure bizitzarako, eta doakoa, behar duen pertsona bati oparitu diezaiokeguna.

Ebakuntza gela hartatik sartu-irtena egin nuen egun hartatik nuen buruan odola ematearen gaia, eta bi urte geroago esan dezaket odol emailea naizela dagoeneko, aurtengo urtarrilean eman bainuen odola lehen aldiz. Gaur egun, odola ematea gure gizarteak duen erronketako bat dela irizten diot. Odola ematea ekintza ona da, eta ez bakarrik besteengatik. Gure bizitzako uneren batean, ziurrenik, guztiok beharko dugu odol-transfusio bat, izan istripu bategatik edota ebakuntza bategatik.

Odolaren ohiko eskaerak mantendu ahal izateko, gainera, beharrezkoa da biztanleriaren %4 inguru odol emailea izatea. Azkoitiko batez bestekoa %4a baino altuagoa da zorionez. Zergatik? Lan ikaragarria egiten duen lantalde bat eta premiaz jabetuta dauden herritar asko dagoelako atzean. Halere, kopuruak handiagoa izan ahal duela sinesten dut, oraindik asko baitira sekula odola ematera ausartu edo joan ez direnak.

 

Odola eman ahal dugunok ezin dugu beste pertsona bat odolik gabe utzi.

 

Odol emaileen elkarteek odola ematearen aldeko kanpaina ugari egin izan dituzte gizartean. Ziurrenik, jende asko ez da konturatzen odola emateak duen garrantziaz. Orratzei errespetua eta beldurra dien jendea egongo da, baina balantzaren beste aldeak pisu gehiago izan beharko lukeela uste dut: beharra duten pertsonei lagundu edota bizitzak salbatzera iritsi. Aitortu behar dut nik ere orain arte arrazoi horiek erabiltzen nituela odola ez emateko. Orain, ordea, esan dezaket ez nintzela okertu odola ematen hasteko hartu nuen erabakiarekin.

Zalantzak dituenari edota zorabiatzeko beldur denari esango nioke behin bada ere odola emateko proba egiteko. Odola eman dudan aldi guztietan zoragarri hartu naute, mediku taldea gertukoa eta atsegina da, eta odola eman ondoren ogitarteko on batekin eta ura edanez berreskuratzen dira indarrak.

Garrantzitsua iruditzen zait odolak gure gorputzean zein zeregin dituen azpimarratzea ere. Besteak beste, odolak elikagaiak ehunetara eramaten ditu; oxigenoa, karbono dioxidoa, hondakinak eta hormonak garraiatzen ditu, defentsarako behar diren zelulak eta substantziak behar diren tokietara eramaten ditu, gorputzaren tenperatura erregulatzen laguntzen du eta pHari zein orekari egonkor eusten dio. Horregatik guztiagatik, odola eman ahal dugunok ezin dugu beste pertsona bat odolik gabe utzi. Eman odola, oparitu bizitza!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide