Geroaz

Andoni Elduaien Soraluze kazetariak apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Geroaz'.

Ilusioz, ziurgabetasunez, itxaropenez, segurtasun ezaz, desioz eta hamaika sentimenduz nahiz emozioz betetako hitza da etorkizuna. 2021. urte honen oraina ere horrelakoa ari da izaten, etorkizunak zer ekarriko digun ez badakigu ere. Ilusioz, itxaropenez eta desioz begiratzen diogu geroari, baina baita ziurgabetasunez, segurtasun ezaz eta sentimendu zein emozio handiz ere.

Egunerokotasunean beti sortzen dira ustekabeak edo nahigabeak, batzuetan onerako eta beste batzuetan txarrerako. Etorkizuna zerbait bada, zalantzaz betetako geroko egoera da. Ez nik, ez zuk, ez beste inork ez du etorkizuna ezagutzen, ez du geroa kontrolatzen. Edonola ere, sinesten dut etorkizuna egunez egun eraikitzea posible dela; gure erabaki bakoitzak sortzen du etorkizuna. Segundoz segundo, minutuz minutu, orduz ordu eta egunez egun, segidan datorkiguna da etorkizuna. Behar bezala ez bagara prestatzen, baliteke gauza onik ez jasotzea bueltan. Zoriona eraikitzea ez da sekula gerorako utzi behar, gaur sortu behar da.

 

Askotan, segundo bakar batean hartzen diren erabakiek aldatzen dute bizitza.

 

Eta gauza bera gertatzen da etorkizunarekin. Gaur hasi behar da etorkizuna sortzen, orain eraiki behar da geroa. Etorriko zaiguna, hein handi batean, gaur ereindakoa izango baita. Komenigarria da etorkizuna guk geuk lantzea eta prestatzea, epe luzera bizitzako fruitu horiek jasoko baititugu. Egia da, era berean, une askotan hainbat arrazoirengatik porrot egiten dela bidean, gauzak ez direla espero eta nahi genituen bezala ateratzen. Eta egoera horren aurrean hiru aukera daude: kexatzea, onartzea edota aldatzeko borrokatzea. Halere, sinesten dut hirurak batera egin daitezkeela. Dena gaizki ateratzen denean kexatu gaitezke, eta jakina, onartu behar dugu gauzak ez direla espero bezala atera. Baina, hurrengo urratsa da benetan garrantzitsuena: aldatzeko borrokatzea.

Gaur hartutako erabaki bakoitzean, litekeena da biharko helmuga idazten aritzea. Eta bitxia da, askotan segundo bakar batean hartzen diren erabakiek aldatzen baitute bizitza. Oker egindako hori hurrengoan zuzen egitea norbere esku dago. Bestela harri berarekin egingo dugu tupust behin eta berriz.

Ibili bizitzan, eroriz ikasten baita oinez. Segi okertzen ikasteari utzi gabe, akatsak eginda prestatuko baigara etorkizunerako. Jarraitu ibiltzen, eta ausartu gaitezen etorkizun hobe horren bila joaten, merezi dugun etorkizunera abiatzen, lortuko dugun geroa gaur egiten. Sortu etorkizuna, eraiki geroa.

Ez etsi, eutsi!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide