Ostiralean amaituko da urriaren 19ko bertso bazkarirako izen-ematea

Anaitasuna mendi bazkunak hilaren 19an ospatuko du 75. urteurrena, eta besteak beste, bertso bazkaria egingo du Joseba jatetxean, Andoni Egaña eta Joanes Illarregi bertsolariekin.

Anaitasuna mendi bazkunak 75. urteurrena ospatuko du hilaren 19an, larunbatez, herritarrekin batera. Ekintzen artean, bertso bazkaria egingo dute Joseba jatetxean, eta otordura joan nahi dutenek datorren ostiralera bitartean dute izena emateko aukera. Horretarako, Lopetegi iturgintzara joan behar da, eta bazkariaren prezioa 38 eurokoa izango da. 14:30ean hasiko da bazkaria, eta han abestuko dute Andoni Egaña eta Joanes Illarregi bertsolariek.

Urteurreneko festa eguna, ordea, goizean hasiko dute mendizaleek: Kakuetara joango dira 08:30ean Balda plazatik abiatuta, eta ondoren, trikipoteoa egingo dute herrian, 13:30ean hasita. Taldeak herritar guztiak animatu ditu ekintzetan parte hartzera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide