Asteartean amaitu ziren Anaitasuna mendi bazkunak antolatutako 2024ko Mendi Jardunaldiak. Joseba Larrañagaren eta Iñaki Arakistainen emanaldia izan zen, eta 70 bat lagun gerturatu ziren bertara. Munduan zehar egindako eskaladen inguruan aritu ziren biak, eta irudi ederrak ikusteko aukera izan zuten gerturatu zirenek.
Jende ugari hurbildu da Mendi Jardunaldietako emanaldietara, eta hori eskertu nahi du Anaitasuna mendi bazkunak. Mendi Tour-ekin hasi zituzten jardunaldiak, gero Igone Mariezkurrenaren emanaldia izan zen, eta aldi berean, haren erakusketa ere ikusgai egon zen Portaleburun. Jarraian, Aymar Navarroren emanaldia etorri zen, eta Elkarguneko Herriko Plaza aretoa bete zuen freeriderrak. Azkenik, aste honetan bi herritarren eskutik eskaladaren inguruko emanaldi ederrarekin amaitu dute egitasmoa.
Kakuteko Eguna izango da hurrengo hitzordua, urtero bezala, maiatzeko lehendabiziko igandean ospatuko baita. Taldeak laster emango du informazio gehiago.