Igone Mariezkurrena Islandiako Westfjords eskualdean bizitako esperientziaz mintzatuko da datorren asteartean

Igone Mariezkurrena Islandiako Westjords eskualdean. (Anaitasuna mendi bazkuna)

Anaitasuna mendi bazkunak antolatutako Mendi Jardunaldien barruko hitzaldia izango da. Datorren asteartean, hilaren 19an, 19:00etan izango da hitzaldia, Elkargunean.

Anaitasuna mendi bazkunak Mendi Jardunaldiak antolatu ditu, eta horren harira, Igone Mariezkurrena kazetari eta antropologoak Islandiako Westjords eskualdean bizikletaz egindako bidaiaren inguruko solasaldia eta proiekzioa eskainiko ditu datorren asteartean, hilaren 19an. 19:00etan izango da saioa, Elkargunean.

Halaber, martxoaren 17ra arte ikusgai egongo da Mariezkurrenaren Indusen ibaibideak izeneko erakusketa, Portaleburun. Erakusketak Pakistango klima aldaketa eta emakumeak ditu ardatz, eta kazetari eta antropologoak bertatik bertara eta landa-lanean jasotako informazioak, testigantzek eta irudiek osatzen dute.

Horrez gainera, apirilaren 9an, Aymar Navarro eskiatzailea entzuteko aukera bikaina izango dute kirol hori gustuko dutenek, Aran bailarako freerider-ak bere hamar urteko jardunbidearen inguruan emanaldia eskainiko duelako.

Mendi Jardunaldiekin amaitzeko, apirilaren 23an herriko bi eskalatzaileren emanaldia ikusteko aukera egongo da. Iñaki Arakistain eta Joseba Larrañagak munduko puntu desberdinetan (Espainia, Marruekos, Jordania…), izotzetan zein harrian ireki dituzten bideen errepaso bat egingo digute.

Emanaldi bakoitzaren inguruko informazio zehatza bakoitzaren kartelean ikusi ahal izango da, Hemendik ere publikatuko da eta mendi taldearen sare sozialetan ere kontsultatu ahal izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide