Anaitasuna futbol taldeak martxan du 2026-2027 futbol denboraldirako bazkide kanpaina. Datorren sasoian, gorritxoen gizonen taldeak Gipuzkoako Ohorezko Mailan jokatuko du, eta emakumeenak, Euskal Ligan.
Aurten, kuota berriak zehaztu ditu taldeak, herriko futbol zaleak Txerloira bultzatzeko asmoz. Hori hala, jubilatuek eta 28 urte bete gabe dituzten gazteek 35 euro ordaindu beharko dute bazkide egitearen truke, eta gainerako guztiek, 70 euro.
Klubeko bazkide egiteko eta txartelak jasotzeko, Anaitasuna futbol taldeak Plazaberrian duen arreta lekua zabalduko du datozen bi ostegunetan: irailaren 3an eta 10ean, 18:00etatik 19:00etara egongo dira klubeko arduradunak gune horretan. Dena den, Txerloia futbol zelaian ere emango du Anaitasunak horretarako aukera, partida egunetan.