Iñigo Arzalluz: «Inon ez dut bizi izan Anaitasunan bizi izandakoa»

Erabiltzailearen aurpegia C.D. Anaitasuna 2018ko eka. 29a, 09:43

Iñigo Arzalluz.

Iñigo Arzalluz Sagarzazuk (Azkoitia, 1991) futboleko botak zintzilikatzea erabaki du. Klubean bederatzi urte jokatu ditu —bat infantil mailan eta zortzi gizonezkoen lehen taldean—. Anaitasuna bere bizitzako urte on askoren «erruduna» eta talde bat baino zerbait gehiago dela esanez agurtu du futbola. Duela hamabost urte hasitako leku berean amaitu du Iñigo Arzalluzek futbol ibilbidea.

 

Futbolari agur esatea erabaki duzu.

Aurreko denboraldi amaieran ere zalantzak izan nituen jarraitu hala ez erabakitzeko, eta entrenatzailearekin hitz egin ondoren azkenengo urtea egitea erabaki nuen. Urte asko dira jarraian. Nahiz eta gauza eta urte ikaragarriak eman dizkidan futbolak, badut barruan zerbait nahikoa dela esan didana. Beste etapa bat hasiko da orain niretzat, beste bizitza bat, beste kirol bat... Bizipen berriak hasiko dira niretzat.

Bederatzi urteko ibilbidea egin duzu Anaitasunan. Zein unerekin gelditzen zara?

Hirugarren Mailara igotako bi uneak ahaztezinak dira. Urte osoko lanaren saria, lan gogorraren eta zailaren emaitza dira bi igoera horiek.

Anaitasunan hasi, Cultural Durangon urtebete, SD Eibarren jarraitu eta mutilen lehen taldean jokatzeko itzuli zinen etxera.

Bai, hasi eta amaitu etxean egin dut. Ederra da ibilbidea txikitan hasitako talde berean amaitzea. Bidean jende asko ezagutu dut eta esperientzia ederra izan da. Esperientzia horretan hazi egin naiz, eta gauza asko ikasi ditut.

Nola gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?

Hasierako urte haiek pozez eta anekdota ederrez gogoratzen ditut. San Juango hartxintxarrezko zelaian egindako urratuak, garai hartan futbolean ibiltzen ziren lagunak, izan genituen entrenatzaileak... Guretzat berria zen futbol zelai handian jolastea eta horrelako zelai batean are gehiago. Durangora joandakoan ere, leku berria, jende berria, esperientzia berria, hizkuntzan ere aldaketa... Nire erdara maila apur bat hobetu zen bertan.

Anaitasunaren lehen taldera etorritakoan izan genuen ongi etorri beroarekin gogoratzen naiz. Egia da herrikoak ginela, baino kanpoan urte dezente pasata gentozen bueltan. Aurreko urteetan Txerloian jokatzen ikusitako jendearen leku berean geunden. Azkeneko partidara arte oso berezia izan da niretzat Txerloian jokatzea.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide