Zure ardurapean adin txikikoak badauzkazu, eta sare sozialek haiengan duten eragin kaltegarriak kezkatzen bazaitu, berehala debeka iezaiezu Internetera sartzea, albiste faltsuetara, kalteko saioetara, eta anima itzazu telebista gehiago ikus dezaten. Alde ederra honelakoak ikusten badituzte:
"Pasio-krimenak", "Burmuin odolzaleak", "Erailketak lehen pertsonan", "Bikote hiltzaileak", “Eraile bat etxean”, eta abar.
Baldin eta telebistako hainbeste kontsumori kaltegarri irizten badiozu, eta zuk ere, guk geuk bezala, kirol bizitza osasuntsua nahiago baduzu, egin Bunger Jumping eta arte martzialak, Jiu Jitsu pixka bat, Ninjutsu apur bat, eta, batez ere, eredu aproposak dituzu Ultimate Fighting Championship lehiaketako borrokak.
Dena den, horiek odoltsuegiak iruditzen bazaizkizu, irakurketa sustatzea izango zenuke onena, proposamen zentzudunekin, ito eta aspertu gabe, irakurgai erakargarriekin ohitura sortuz. Horretarako parekoak kirol-egunkariak dituzu, eta horietan punta-puntakoa Marca. Irizpide irmoz eta trebetasun handiz jorratzen du kirol-mundua, albistea sortu orduko informazio guztia jator emanez: "María Patiño desvela en Socialite su última operación estética", "¿Por qué se desnuda Cristina Pedroche?", "El desnudo integral de Rita incendia Instagram", "Tamara Gorro desvela problemas en la cama con Garay", "Dos palomas asesinan a otra arrojándola a las vías del metro de NY", "Jesús se desata en la última fiesta de la isla de las tentaciones/3 y es infiel a Marina y Stefany" edo "Aurah Ruiz aclara si Jesé le compra ropa de marca"…
Hala eta guztiz ere, kirol-prentsak ere ez bazaitu asebetetzen, badakigu gaztetxoek benetan behar dutena denbora dela, jolaserako denbora, etxean anai-arrebekin edo kalean lagunekin jolasean ibiltzeko denbora, eta horretarako aukera egoki ugari dauzkate: Bwin, Sportium, 888 Sport, Bet 365, Suertia, William Hill, Betfair...