Urteak kontatzen hasi baino bost mila urte lehenago, Harri Aroan, beldurtzeko eta hiltzeko arrazoi izango ziren jainkoak ordurako asmatuta, utopia zer izango, eta eskuratuko ziren metalekin amets egitea zen utopia.
Burdin Aroan, txinatarrek gau batean ondutako bolbora zen utopia; bide batez, su artifizialak ere asmatu zituzten.
Bolboraren Aroan, utopia suzko armak ziren, eta europarrek egin zituzten merkatuko kanoirik handienak eta bonbarik astunenak, zeinek ba bestela. Gero, inprimategia asmatu zuten, eta egindako balentriak argitaratu zituzten.
Armen Aroan, bakea zen utopia, eta "amerikarrak" aitzindari izan ziren infernuko tramankulu nuklearrak asmatzen; baita eurek bakarrik erabiltzen ere. Mundu bakarra izan, eta bi Mundu Gerra bizi ostean, bakea zen aldarri bizirik iraun zutenentzat.
Bakearen Aroan, bakea armetatik babestea zen utopia, bakea aurrerabide bihurtzea. Ingelesek futbola asmatua zuten, aski zen ongizatea guztiontzako gozamen bihurtuta, demokrazia praktikatuta, ebanjelioa beteta, txakurrarekin pasieran irtenda... egunetik egunera gorrago, itsuago, mutuago.
Aurrerabidearen Aroan, ez zegoen utopiarik ordurako. Beldurra besterik ez.
Beldurraren Aroan, noizbait bizia asmatu zuten emakumeek beren Aroa, Mendea, Denbora eraikitzen jarraitzen dute.