Jaiak bertan behera utzi behar ziren, eta zapuztu genituen sanferminak, andramaixek, sanandresak, danborradak eta denak. Ez zen festarik izan, baina, umeak baino areago garenez, laster hasi ginen esanez ez-festak ere festak zirela, eta, beraz, debekatu egin behar zirela. Gobernariak hain zorrotz jarri ziren, debekuak ere ezin zirela ospatu pentsatzen hasi baitziren ia.
Eta kontu honekin urtebete inguru daramagula, ez-eguberriak ospatu egingo ditugu, zuhaitzak eta kaleak argituz. Bitartean, kaleei benetan bizia ematen dieten tabernak, kafetegiak eta dendak itzalita daude. Eguberri garaian, ez al litzateke hobe ospakizun baliabide guztiak gune itzali horiek argitzeko bideratzea?
Oraindik mugitzeko gauza den jendea saltoki handietan metatzen da, horiek bai, horiek irekita daude eta, zer dira Eguberriak oparirik gabe, nola ba ez-Gabon hauetan. Beste mundu batean bizi den publizitateak egoskor eskatzen digu koloniak, jostailuak eta mugikorrak beti bezala erosteko, beldurrik gabe.
Txertoak aurki erabilgarri izango ditugula ematen duen garai honetan, ez ote zen hobe izango Eguberriak ekainera aldatzea, itxita, erabat itxita, eta orduan zabaltzea, kaleko egiazko argi guztiak piztuta.
Koldo Campos Sagaseta
Aitor Arruti Rezabal