Geuk kulpak

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2020ko urr. 22a, 11:24

Koldo Campos Sagasetak eta Aitor Arruti Rezabalek Amamaren Kutxan egindako ekarpen berria: 'Geuk kulpak'.

EITBko albistegietan egunero, gaur bertan ere ikusiko dugu, kalean dabilen jendearen iritziak erakusten dizkigute, gero eta kutsatze gehiago zergatik ditugun baieztatuz: "nik uste dut konfiantza handiegia izan dugula", "lasaitu egin garela iruditzen zait", "lehen bezain erne ez gabiltzala esango nuke"... Elkarrizketa labur horien aurretik edo ondoren, ez harritu kaleko festa edo edanaldi bat-batekoei buruzko albistea sartzen baldin badute, betiere eskainitako iritziekin bat datorrena.

Eta geuk dugu errua. Hiru hilabetez konfinatu gintuzten, eta obeditu egin genuen; osasuna eta lana galdu genituen, eta onartu egin genuen; elkar ikusteari eta besarkatzeari uko egin genion, eta onetsi egin genuen… baina geuk ditugu kulpak, lasaitu egin garelako, gehiegi fidatu garelako.

Dena kontrolpean zeukatela ziotenek, agerraldiak eta berragerraldiak aurreikusita zituztela esaten zutenek, ezer gutxi egin dute: ez dute behar adina osasun-langile kontratatu, ospitaletan ez dute ohe gehiago ezarri, ez eta behar adina arakatzaile, hezitzaile, adinekoen egoitzetako langile ere. Horrelakorik ez, baizik eta Europako laguntzak Iberdrolaren eta Petronorren etekinak handitzeko baliatuko dituzte, AHTa suspertzeko eta Urdaibaiko biosfera erreserban beste Guggenheim bat eraikitzeko, 140 milioiko hasierako kostuarekin.

"Hau ez da bidegorri kontua" esan zuen irribarrez Arantxa Tapiak. Arrazoi. Lotsagabe kontu hutsa da hau.  

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide