(Erregearen eraztuna ipuin anonimoaren bertsio librea)
Bazen behin errege bat bere eraztunean zorigaitz aldian indarra emango zion mezu bat grabatu nahi izan zuena. Hain izan behar zuen mezu ederra, erabilgarria eta laburra, ezen erresuma osoan inor ez baitzen hura sortzeko gai izan; are gutxiago erregea.
Mezu batzuk luzeegiak ziren, beste batzuk ergelegiak, eta beste batzuk ergelak eta luzeak. Haietako bakar bat ere ez zen izan erregea asebetetzeko gauza, harik eta han zehar zebilen emakume jakintsu bat erregeari hurbildu zitzaion arte: bost hitz idatzi zituen soilik paper muttur ttiki-ttiki batean, eta, papera tolestu egin zuen, behin, bi, hiru aldiz. Erregeari eman zion, esku ahur zabalduan ikusezin, eta esan:
- Hara hemen behar duzuna, baina ezingo duzu irakurri zurbiltzeko moduko heriotza mehatxua sentitzen duzun arte. Arnasa itzultzen zaizunean, orduan irakurri ahal izango duzu mezua, ez lehenago.
Urteak joan, urteak etorri, luzaz bete zuen erregeak emakume ezezagunari egindako promesa; harik eta izurria iritsi zen arte. Izurriteak gosea eta miseria ekarri zituen, heriotzaren itzalak ilundu zuen bizia. Erregeak, atsekabetuta, hunkituta, amore emateko zorian, ezin izan zuen gehiago itxaron, eta hatz nagiko eraztunean gordetako mezu sekretua irakurri zuen: "Hau ere iragan egingo da".
Egia ziur horrek bizituta, erregea ohetik altxatu zen, gogo biziz kutsatu zien herritar guztiei piztu zitzaion bizi gogoa, eta, aste batzuk beranduago, izurria desagertu egin zen.
Pozak zoratzen, erregeak errepublika ezarri zuen ospatzeko, eta, lehen ministro karguan, zazpi egun eta zazpi gaueko ospakizuna agindu, jende guztiak batera nahi adina jan eta edan zezan.
Ardo zahagiak eta likore botilak ehunka banatu zituzten, haragia eta fruta arroaka. Dantzaldiak, jokoak, su artifizialak eta oturuntzak izan ziren, harik eta lehen ministroa, mozkor-mozkor eginda, mahai-zapiaren gainera erori zen arte. Orduan, haren buru dontsuak maionesa ontzia jo zuen bete-betean, eta, hara non, emakume ahaztuaren mezua zabaldu zen, eskuzapiaren eta oliba hezur baten artean:
"Hau ere iragan egingo da".