Gurpil eragileak

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2020ko mar. 6a, 15:52

Koldo Campos Sagasetak eta Aitor Arruti Rezabalek Amamaren Kutxan egindako ekarpen berria: 'Gurpil eragileak'. 

Gizonak gurpila asmatu zuenean, karratu erakoa diseinatu zuen, eta tramankulu harekin, ahaleginak ahalegin, egilea barregarri geratu zen; diotenez, edanari eman zion, porrota ahazteko. Kontuak kontu, haren andrea izan zen, gauez, seme-alabak eta senar mozkorra oheratzen zituenean, gurpila borobilduz, biraka ibilarazi eta senarra gurpilaren asmatzaile gisa munduari aurkeztu ziona; hala dio Historiak.

Handik urte askotara, era guztietako objektu eta gailuak asmatzen jarraitzen dute gizonek, nola erabilgarriak, hala alferrikakoak. Horretan xahutzen dira energiak, materialak eta teknikak, eta prozesuan ez dute egilearen ohorea soilik hondatzen.

Zentral nuklear karratuak eraikitzeko arriskua, etsaiari bakarrik eragiten dion birus bat koroatzearen larria, zaborra alfonbra azpian ezkutatzeko kinka, zaborretan amiantoa, beruna, molibdenoa eta zeinek jakin beste zenbat kaka dauden…  Hori ez da irudi kontua, eta ez da Legebiltzarrean barkatzeko eskatuz amaitzen. Klima aldaketa, txertorik ez duenarentzat, sistema ekonomiko, politiko eta sozial zentzugabe maltzur baten ondorioa da. Garai batean, kapitalismoa deitzen genion.

Azak ontzeko, hondamendia eragin duten merkatuko bazkideek beraiek kudeatu nahi dute konponbidea. Horientzat, negozio bat gehiago da; gainerako guztiontzat, bizi ala hil.

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti  Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide