Naturak du errua

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2019ko eka. 24a, 07:41

Naturak ez du etsitzen, eta gogor jarraitzen du gure aurrerabidearen aurkako kanpaina bihozgabean.

Behiek euren eromena guri kutsatzea erabaki zuten, hegaztiek gripea bezala, eta, gure aurrerapena gaitzesteko akordio maltzurrean, ardiak mehatxuka hasi zaizkigu sukar aftosoarekin, oilasko hormonatuek eta zerri sukartuek babestuta. Denak bat eginda daude, gure bizi-estilo eredugarria lokazteko asmotan. Itsas-animaliak ere bat datoz probokazio horrekin, eta berealdiko plastiko pilak jaten hasi dira lotsarik gabe, epe laburrean supermerkatuetako poltsa guztiak agortzeko arrisku larria eraginez.

Areago dena, animaliek lankide naturalak dauzkate tenperatura igotzeko, lurrak pozoitzeko eta airea kutsatzeko. Aldi txarreko egunetan, ibai arduragabeak euren jatorrizko ibilgura itzultzen dira, bizitzak eta baliabideak eramanez; mendi lotsagalduek, zulatu egin dituzten aitzakiarekin, luiziak eragiten dituzte, pertsonak eta ondasunak lurperatuz; glaziar axolagabeak urtzen hasten dira euren kabuz, ondorioetan erreparatu gabe; beste hainbeste egin dute hainbat lurrikara, tsunami, uholde, tornado eta abarrek ere. Horiei erantsi beharko genizkieke gure garapen iraunkorraren aurkako zenbait bazkide, ez baitituzte gaitzetsi nahi ez marmoka hiltzaileak, ez muskuilu migratzaileak eta ez liztor asiarrak. Azak ontzeko, lotsa gutxirekin diote gure bizi-estiloak eragin omen dituela zoritxar guztiak.

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide